Gizartea

Getxon gaur ehunka ikasle klasera joan gabe geratu dira uholdeek eragindako lokatzagatik

Egoera hobera egiten ari da, atzoko arazo handien ondotik. Garraio publikoa normaltasunez dabil. Getxoko 200 etxetan ez dute oraindik argindarrik. Eusko Jaurlaritzak bihar onar dezake diru laguntzen dekretua. Nafarroan alerta-aurreko egoeran daude.

2008ko ekainaren 2a
17:07
Entzun
Igande goizaldean uholde garrantzitsuak gertatu ziren Bizkaian. Batik bat, Getxon eta haren inguruan izan ziren, Gobelas ibaiak gainezka egin zuelako.

Ondorioak oraindik ere ikus daitezke. Hala, gaur Getxon ehunka ikaslek ezin izan dute klasera joan, lokatzagatik. Larrañazubi ikastetxean, esaterako, urak eraikineko lehen solairu gainera iritsi ziren. Gobela ikastolak eta Getxo 1 institutuak ere kalte handiak izan zituzten.

Udaleko langileek beharrean segitzen dute, ura ateraz kaleetatik eta komertzio, taberna, enpresa eta abarretatik. Kaleak garbitzen ere ari dira. Fadura kirol gunea itxita dago oraindik.

Getxon bertan 200 etxebizitzetan argindarrik gabe segitzen dutela esan du gaur Iberdrolak. Trapagan, berriz, hiru kaletan daude argirik gabe. Ezkerraldean dagoeneko badute argindarra gaur goizeko hamarretatik; atzo 30.000 etxetan argirik gabe egon ziren, Ortuellako argindar egoitza uholdeak harrapatu zuelako.

Uriben Kostako beste herri batzuek ere arazo handiak izan zituzten, eta N-637 errepidea itxita dago, Getxo parean.

Hala ere, garraio publikoa normaltasunez dabil gaur. Haien artean, metroa -atzo ez zen ibili-. Gaurko eragozpen bakarra: puntako orduetan ez direla 24 tren ibiliko, baizik eta 21.

Eusko Jaurlaritzak bihar asteroko bilera izango du, eta orduan onar dezake diru laguntzen dekretua.

Nafarroan, berriz, alerta-aurreko egoeran daudela jakinarazi du bertako gobernuak, Ebro eta Arga ibaiek gaur gauean gainezka egin dezaketelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.