Martxan den bake prozesua sostengatzen du Lasserrek, eta Frantziako Estatua gatazkaren barne dela erranik, Parisek konponketarako engaiamendua hartu behar duela dio.
Euskal Herrian abiatua den bake prozesuari dagokionez, behin baino gehiagotan erran izan duzu gatazkaren konponketara daraman bidealagundu behar dela. Nolakoa ikusten duzu gaur egungo egoera?
Beti jarrera bera atxikitzen dut. Aitzina joateko entseguak, nahikeriak eta aukerak ez dira trabatu behar. Badu bi urte diodala luzatua den eskuari begiratu behar diogula, eta bakea gauzatu ahal izateko baldintzei begiratu behar diegula. Bakea lortu behar dugu eta protagonisten arteko elkarrizketa da horretarako lehen urratsa. Bistan da, horri begira kontrolak eta egiaztapenak beharrezkoak dira, alde guztiak zintzoki jokatzen ari direla frogatzeko. Alde guztiak diot, alde guztiak. Bai, bake prozesu horren garapenaren alde naiz, eta bururaino eraman beharko da.
Frantziako Estatuak bake prozesu horren alde doazen urratsik ez du egiten. Euskal Herria eta Espainiaren arteko arazo bat dela dio Parisek. Zer diozu jarrera horretaz?
Zinez, herri honetan bizi garelarik laster ohartzen gara galdera horrek interesatzen eta hunkitzen gaituela ere. Beharbada, ez Euskadin bezain azkarki eta gogorki, baina, hunkitzen gaitu. Kulturalki berdintasun handiak dauzkagu, eta orokorki, muga ez da gehiago existitzen eta elkarrekin bizi gara, geroz eta gehiago. Beraz, arazo horren barne ez garela erratea gezurra da.
Gatazkaren konponketaren aldeko engaiamendua hartu beharko luke, beraz, Frantziako Estatuak?
Bistan da; nire ustez, bai. Beti hori erran dut eta parlamentari gisa ere gauza bera erraten segituko dut.
«Gezurra da erratea ez garela euskal gatazkaren barne»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu