Historia irabazleek idazten dutela esan ohi da, eta, sarri askotan, hala izaten da. Gernikako bonbardatzea, baina, arau horren salbuespena dela esan liteke. Bonbak pairatu zituztenak galtzaile suertatu ziren 1936ko gerra hartan. Sarraskia eragin zutenak, berriz, garaile, eta boterean egon ziren hurrengo berrogei urtean. Denbora horretan, gezurrez estali nahi izan zuten egindakoaren lotsaizuna, gezurren nolakoa garaian garaikoari egokituz joan ziren arren.
Oraindik ere badago sarraskia erlatibizatu nahi duen espainiar historialaririk, 1936ko gerrako eta Franco jeneralaren diktadurako beste zenbait gertaera historikorekin egin duten moduan. Baina alferrik da: dagoeneko, faxismoaren eta gerraren izugarrikeriaren ikur bilakatu da Gernika, Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan ere.
1937ko apirilean, eraso betean zeuden matxinatuen indarrak, Emilio Mola jeneralaren agindupean. Gipuzkoa ia osoa matxinatuen esku gelditu zen 1936ko irailean, eta hurrengo hilabeteetan, neguak iraun bitartean, frontea Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugan ezarri zen. Baina udaberriarekin batera, Bizkaia mendean hartzeko azken kolpea prestatzeari ekin zioten Francoren aldekoek.
Mehatxuak
"Espainiako iparraldean gerra azkar amaitzea erabaki dut. (...) Zuen amore ematea berehalakoa ez bada, Bizkaia suntsituko dut, gerra industrietatik hasita. Badut horretarako tresna nahikorik". Mehatxu hori zekarten orriak banatu zituzten airetik armada frankistaren hegazkinek Bizkaiko zenbait herritan. Molaren sinadura zeramaten.
Ez zen mehatxu hutsa izan. Martxoaren 31n, Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten faxistek. Bereziki larria izan zen Durangokoa: gutxienez, 336 lagun hil ziren, gerrarekin zerikusi zuzenik ez zeukaten herritarrak gehien-gehienak.
Molak bere oharrean aipatu eta eskura zituen tresna horien artean gerra hegazkinak zeuden, matxinatuen nazioarteko aliatuek bidaliak. Sarri, zibilak izan ziren matxinatuen eta haien aliatuen hegazkinen jomuga, ikuspegi militar hutsetik inolako garrantzi estrategikorik ez zeukaten herritar arruntak. Hala gertatu zen Otxandion, Durangon, Elorrion, Galdakaon eta, nola ez, Gernikan.
Askotan idatzi da Gernikakoa izan zela herritar zibilen kontra egindako lehenengo bonbardatzea, datu hori historia aldetik guztiz zuzena ez bada ere. Edozein modutan, Gernikakoa mugarria izan zen izuaren erabileran gerra tresna gisa, eta II. Mundu Gerran Londres, Dresden, Hiroshima eta beste zenbait hiritan gertatu zenaren aurrekaria ezarri zuen.
Bonbardaketaren aurretik ere, Gernika, hango arbola, hango juntetxea, euskal askatasunen ikur ziren mundu osoan: horren adibide dira Wilhelm von Humboldtek Euskal Herrira egindako bigarren bisitaldiaren ostean (1801) idatzitako testuak, William Wordsworth poeta ingeles erromantikoak 1910ean idatzitako poema —The oak of Guernica (Gernikako haritza)— eta Jose Maria Iparragirrek 1853an idatzitako kantuak (Gernikako arbola ) Hego Ameriketan bizi ziren euskaldunen artean lorturiko arrakasta. Mitoaren oihartzunak lagundu zuen Gernikako sarraskia mundu osora zabaltzen.
Mitoak ez ezik, kazetari atzerritarren testigantzak ere garrantzi handia izan zuen Gernikan jazotakoa mundu osora zabaltzen. Bereziki, George L. Steer The Times egunkariaren berriemailearenak.
Steer eta beste kazetari batzuk afaltzen zeuden Bilboko hotel batean apirilaren 26ko iluntzean, eta telefono dei batek jakinarazi zien Gernika sutan zegoela. Auto bat hartu eta hara abiatu ziren. Gernikara hurbildu ahala, zerua gorriz tindatzen zela ikusi zuten. Herria sutan begiztatzeak zirrara handia eragin zien, eta hunkipena are handiagoa izan zen Gernikara sartu zirenean.
Apirilaren 28an, Steerrek idatzitako kronikak argitaratu zituzten The Times eta The New York Times egunkariek. Aurreko egunean, Frantzia eta Ameriketako Estatu Batuetako zenbait egunkarik argitaratua zuten albistea, baina Steerren kronikek izan zuten eragin handiena. Lurrikara batek zeharkatu zuen Mendebaldeko herrialdeetako iritzi publikoa. Hurrengo urteetan nazismoak mundu osoari ekarri behar zizkion oinaze eta horroreen lehenengo zantzua izan zen askorentzat.
Frankisten bertsioa
Bonbardatzearen albistea mundu osora hedatzen hasi bezain pronto hasi ziren armada faxistaren eginahalak ere gertatutakoa gezurrez estaltzeko. Francoren mendeko irratiek segituan zabaldu zuten Gernika gorri-separatistek erre zutela; ez zegoela Gernika bonbardatzeko arrazoirik, helburu militarra ez zelako; apirilaren 27ko eguraldi txarrak galarazi ziela matxinatuen abioiei hegaldatzea, bonbardatzea 26an gertatu zela ahaztuta; eta abar. Are gehiago: agintari frankistek ukatu zuten beren armadan hegazkin aleman eta italiarrik zegoela ere.
Erresuma Batuak nazioarteko ikerketa bat abiarazteko egindako eskariari uko egin zioten Alemaniak eta Espainiako militar matxinoek. Francoren armadak Gernika okupatu zuenean, bonbardatzea gertatu eta pare bat egunera, «xede militar» izendatu zuten hiria, eta nazioarteko kazetari eta begiraleei bertara sartzea galarazi. Handik aste batzuetara, froga guztiak ezabatu ondoren utzi zieten sartzen: nazioarteko berriemaileek ikusi zuten kaleetan gasolina bidoi hutsak jarri zituztela okupatzaileek, Gernika errepublikazaleek erre zutelako tesia indartu nahian.
Baina gezurrak buztana labur izaten du. Urte askoan, erregimen frankistak eutsi egin zion Gernika errepublikazaleek erre zutelako bertsioari, Espainiatik kanpo inork sinesten ez bazion ere. Urteen joanean, bertsioa aldatu behar izan zuten: Gernika bonbardaketa batean suntsitu zuten, baina erantzukizuna alemanena omen zen, frankistek ez baitzekiten ezer horretaz. Ricardo de la Cierva historialari frankista saiatu zen bertsio horri hauspoa ematen, 1967tik 1969ra Espainiako gerraren inguruan idatzi zituen liburuetan.
Azken urteetan, 1936ko gerran eta Francoren diktaduran gertatutakoak frankismoaren aldeko ikuspegitik azaldu nahi dituen errebisionismo ildo berria agertu da Espainian, Pio Mora eta Cesar Vidal idazleak buru dituela. Bonbardaketa ukatzea ezinezkoa dela ikusita, eta militar matxinatuen ustezko ezjakintasuna Mola jeneralak Durango eta Gernikako erasoen aurretik botatako mehatxuek gezurtatzen dutela jakitun, beste argudio bati ekin diote: Gernikako sarraskia ez zen hainbesterako izan, hildako kopurua Durangokoa baino txikiagoa izan zen, eta mundu osoan ezaguna izatera iritsi bazen, "propagandaren" eta "manipulazioaren" ondorioz izan zen.
Hori da, esaterako, Jesus Salas Larrazabal historialari eta Espainiako Armadako jeneralaren tesia: "Gernika mito bilakatu da, oraindik ere neurri batean ustiatzen jarraitzen duten mitoa, baina propagandaren ikuspegitik soilki". Suteak bonbardatzeak baino kalte handiagoa eragin zuela dio Salasek, Bilbotik bidalitako suhiltzaileek bi ordu behar izan zituztela Gernikara iristeko eta sutea itzali gabe bueltatu zirela. Izan ere, ur-hoditeria guztia hondatuta zegoen eta sutea amatatzea ezinezko suertatu zitzaien suhiltzaileei.
Tradizio militar handiko familia batekoa da Salas Larrazabal: haren anaia Angel, Mola jeneralaren konfiantzazko gizona, Jose Muñoz Jimenez izeneko beste militar batekin batera, 1936ko uztailaren 22an, Otxandio bonbardatu zuen. 60 lagun inguru hil zituzten.
Edozein modutan, esan daiteke historia berridazteko saio guztiek porrot egin dutela. Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen zer gertatu zen Gernikan eta nor izan zen horren errudun. Mundu osoan, gerraren izugarrikerien kontrako aldarria da oraindik ere Gernika, eta egunotan antolatu diren ekitaldi ugariek gogoeta egiteko bide emango dute. Behingoagatik, historia ez zuten irabazleek idatzi.