Hasi dira emanaldiak. Gaur goizeko 11:00etan, Donostiako Zinemaldiko lehen filma emango dute Kursaalean: Nick Broonfielden Ghosts. Immigrazioaren inguruan ehundutako istorio epikoa azaltzen duen film horrek jarriko du martxan zinemaren festa. Gaueko 21:00etan hasiko da, nolanahi ere, irekiera ekitaldia Kursaalean, Zinemaldia modu ofizialean abiaraziko duena. Bitartean, hirian dagoeneko giro berezia nabari da: zinematokietako leihatiletan ilara luzeak izan dira azken orduetan, eta asteburuan emango dituzten hainbat film ikusteko sarrerak agortu dira jada.
Filmen emanaldiekin batera, haiek gauzatu dituzten hainbat protagonista Donostiako kaleetan ikusi ahal dira. Esaterako, Nick Broomfield zuzendaria atzo iritsi zen. Bera da Urrezko Maskorraren lehian ariko den lehen zinemagilea. Ghosts filmeko aktoreak ere, Hisao-Hung Pai, Zhen Wei, Zhan Yu eta Ai Qin Donostiara heldu ziren atzo. Guztiek hartu dute aterpe Londresko Hotelean.
Sail ofizialean beste 15 lanekin lehiatuko da Ghosts, tartean Carlos Sorinen El camino de San Diego, Tom DiCilloren Delirious, Kore-eda Hirokazuren Hana, Bahman Ghobadiren Niwemang, John Boormanen The tiger's tail eta Agnieszka Hollanden Copying Beethoven filmekin. Más Allá del espejo, Joaquim Jorda zenaren lana, Lars von Trierren The boss of it all eta zinemaldia itxiko duen Lonely hearts Todd Robinsonen filma ere, lehiaketatik kanpo emango dituzte sail ofizialean.
Zabaltegi, unibertso amaigabea
Zabaltegik ere emango du egunotan zeresanik, eta gaur bertatik gainera. Babel-en lehen emanaldia izan ere, gaur arratsaldean izango da. Bitxiak atalaren baitan emango dute Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikarraren pelikula miretsi hori. Cannesko aurtengo zinemaldian kritikaren zein ikusleen txaloak jaso zituen Babel-ek. Iñarritu ere Donostian da atzodanik. Arratsaldean iritsi zen Maria Cristina hotelera, eta hango eskailerak jendetzak begira zuela igo zituen.
Zabaltegi askotariko zinema onartzen duen kaxa da, eta denetarik ikusiko da gaurtik aurrera harik eta David Frankelen The devil wears Prada saila ixten duen filma hilaren 30ean ematen duten arte.
Euskarazko zinemak ere bere tartea izango du. Zuzendari berriak atalean, Zabaltegiren baitan, Kutsidazu bidea Ixabel emango dute hilaren 28an, 29an eta 30ean. Fernando Bernuesen eta Mireia Gabilondoren pelikulak ikusmina piztu du, Joxean Sagastizabalen liburuak eta hura oinarri hartu zuen antzezlanak lortu duten arrakasta ikusita.
Ez da euskarazko lan bakarra izango Zinemaldi honetan. Hilaren 26an, Arkaitz Basterraren Agian emango dute, eta Raul de la Fuenteren Nomadak TX hilaren 26ean, 27an eta 28an; bata zein bestea Zabaltegi Bereziak atalean. Juan Manuel Gutierrezen Isiltasun kalea dokumentala ere euskaraz emango dute, Made in Spain atalean, hilaren 25ean eta 26an. Robots marrazki bizidunetako filma halaber, euskarazko bertsioan emango dute Belodromoan.
Euskal Herriko beste zinemagile batzuek ere euren aukera baliatu dute. Koldo Serrak Bosque de Sombras aurkeztuko du, eta Iñaki Dorronsorok La distancia.
Euskal Herriko zinemagintzak gainera, egun garrantzitsua izango du Euskal Zinemaren Egunean, hilaren 27an.
'GLAMOUR'-A ETA ZINEMA BATERA. «Aukeraketa aberatsa eta orekatua» aipatu zuen Mikel Olaziregi zuzendariak duela egun batzuk aurtengo zinemaldiaren aurkezpena egin zuenean, filmen zerrendari erreparatuz. Zinemaldiko arduradunek kalitatezko filmak nahi zituzten aurten, baina bada ezpada glamour-a ere ez dute alde batera utzi.
Max von Sydow eta Matt Dillon aurtengo Donostia Saria eskuratuko duten aktoreek ordezkatuko dute lehenik eta behin, zeluloideak sortzen duen xarma berezi hori. Sydowk, Ingmar Bergmanek duela mende erdia deskubritu zuen aktoreak, igande honetan jasoko du saria, eta Dillonek, Coppolaren errebelde izan zenak, datorren ostiralean, hilaren 29an.
Edonala ere, aurten Hollywoodeko izarren distirak indar handia erakutsiko du, Donostiara joatekoak baitira Clive Owen, Children of Men aurkeztera, eta Steve Buscemi, Delirious-en proiekziorako.
Epaimahaian ere izen ospetsu asko dago, Jeanne Moreau, taldeko burua, -dagoeneko Donostian-, eta Bruno Ganz esaterako.
Euren lanak erakutsiko dituzten hainbat zinemagile ere sobera ezagunak dira, Oliver Stone zinemaldiko klasikoarekin hasita. World Trade Center aurkeztuko du Stonek Belodromoan. Gonzalez Iñarritu bera ere ezin da ahantzi, ezta sail ofizialean lehiatuko diren John Boorman, Agnieszka Holland eta Tom DiCillo bera ere.
Bestalde, urtero suma daitekeen nolabaiteko bigarren mailako glamour-a ere izango da zinemaldian; aurten hondartzako zaintzaile David Haselhoffek eta Adam Sandler ustezko umoristak ordezkatu dute Click komediaren aurkezpenean.
Beraz, dena dago prest Donostiako 54. Zinemaldia bide onetik joan dadin. Sei milioi euroko aurrekontuarekin 220 film erakutsiko dituzte bost zinematokietan. Belodromoa izango da seigarren erakuslekua. Ikusle andana espero dute arduradunek, baina jakin badakite iaz baino gutxiago izan direla, eserleku gutxiago baitaude aurten. Zinematokiak ez dira alferrik ixten.
Donostiako Zinemaldia
'Ghosts'-ek jarriko du gaur abian jaialdia
Max Von Sydowk igandean jasoko du Donostia Saria, eta Matt Dillonek datorren asteko ostiralean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu