Gidabaimena euskaraz atera ahal izateko programa hasi du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Euskaraz badu halako punttu bat da ekimenaren izena. «Orain argi berdea dugu gidabaimena euskaraz prestatzeko», adierazi zuenatzo Lurdes Auzmendik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Amparo Lopez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariarekin batera aurkeztu zuen ekimena, Bilbon.
Aurrerantzean, B motako gidabaimena ateratzeko euskarazko materiala eskura izango dutehala nahi duten ikasleek, eta, era berean, irakasle euskaldunak egongo dira programa honekin bat egin duten autoeskoletan.
Orain arte, gidabaimena euskaraz atera nahi zuenak ia ez zuen baliabiderik, oso autoeskola gutxik eskaintzen baitzuten aukera hori. Autoeskola horien eskutik hasi dute kanpaina berria, Auzmendik jakinarazi duenez. Hortaz, hemendik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gizpuzkoako 52 autoeskolatan posible izango da gidabaimena euskaraz ateratzea. Horietatik 26 Gipuzkoan daude, 25 Bizkaian eta bakarra Araban. Araban zerbitzua eskasa bada ere, aurrerantzean autoeskola gehiago batzea espero du Auzmendik. Guztira 94 eskolak emango dute zerbitzu hori, autoeskola batzuek ikasgela bat baino gehiago baitituzte hainbat herritan banatuta.
Prestakuntza teorikoa zein praktikoa eskainiko dute euskaraz, eta horretarako materiala dagoeneko prest dagoela azaldu du Auzmendik. Trafikoaren araudia, multimedia materiala, azterketa ereduak eta test moduko 600 galdera euskaraz eskura izango dituzte ikasleek, eta baita euskaraz dakien irakaslea ere.
Gabeziak praktikoan
Oraingoz, atal teorikoa maila handiagoan bermatuta dagoela aitortu du Auzmendik. Materiala eta azterketa teorikoak prest daude; aldiz, arlo praktikoan arazo gehiago izaten ari direla azaldu du. Izan ere, trafiko zuzendaritzaren eskuduntza da azterketak egitea, eta oraindik prestakuntza lanetan ari direla jakinarazi du sailburuordeak. Prozesua ahalik eta azkarren martxan jarri nahi dutela gaineratu du.
Lopezen ustez, berri pozgarria da, gizarteak aspaldi egindako eskaera bati erantzuten baitio programak. «Euskararen erabilera gizartearen alor guztietara eramateko ahaleginean» pauso garrantzitsua dela adierazi du, bestalde, Auzmendik. Era berean, euskara sustatzeko bideak etenik ez duela izango gaineratu du, eta euskarari «argi berdea» emateko deia egin du.
«Ez da bide erraza izan, semaforo gorria behin baino gehiagotan topatu izan dugu proiektu hau gauzatu aurretik», argitu du Auzmendik. Hala, aurrerantzean, autoeskolek klaseak euskaraz emateko beharrezko materiala badutela azaldu du sailburuordeak. «Azeleragailua euskaraz zapaltzeko aukera izango da hemendik aurrera», gaineratu du.
Gidabaimena euskaraz ateratzeko plana abian jarri dute
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 autoeskolak hartuko dute parte Jaurlaritzaren ekimenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu