"Muturreraino". Halaxe eraman nahi dute Gidari elkarteko kideek Bidegi auzia —bi kereila biltzen ditu, ustez Bidegi elkarte publikoan egindako irregulartasunen inguruan—; "presio" egin nahi dute horretarako, eta horregatik egituratu dira elkarte gisara. Gaur eguerdian egin dute aurkezpen publikoa, Donostian, eta datozen aste eta hilabeteetan elkartea herriz herri aurkezteko asmoa dutela jakinarazi dute. "Oso garrantzitsua da guretzat jende klase askorekin elkartzea", azaldu du elkarteko ordezkari Amaia Zabaletak. Talde politiko guztiekin ere bilerak egiteko asmoa dutela jakinarazi du.
"Zaila izaten da ustelkeria kasuak epaitegietan aurrera eramatea", azaldu du Zabaletak. Eta, aditzera eman duenez, horrexek bultzatu ditu auzian parte hartu nahi izatera: indarra egiteko. Abian jarrita dauden bi kereilen arabera, ustez desbideratutako 30 milioi euro daudela oroitarazi du, eta horiekin zer jazo zen argitzeko garrantzitsua dela herritarrek kontu hartzea: "Herritarren poltsikoa baita kaltetua".