Giderra gizonen esku

Berdintasun legearen ondorioak hiriguneetan nabaritu dira, azken hauteskundeetatik hona. Herri txikietan gutxiago.

ENEKO BIDEGAIN
2008ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Lehen baino emazte gehiago dago orain zinegotzi postuetan, Ipar Euskal Herrian. Baina oraino bada bide egiteko, berdintasunera heltzeko. Joan den martxoko udal hauteskundeetatik landa, Ipar Euskal Herriko zinegotzien herena osatzen dute emazteek. Aitzineko agintaldian, zinegotzien %27 ziren emazteak. Baxenabarren eta Zuberoan dago emazte kopuru apalena. Lehen 5etik 1 ziren, baina orain 4tik 1 dira. Lapurdiko zinegotzien %40 dira emazteak.

Lapurdin berdintasunera hurbiltzea legeari zor zaio. Lapurdin dira 3.500 biztanlez gorako herri eta hiriak, eta berdintasun legea toki horietan baizik ez da derrigorrez bete behar. Zerrendak aurkezterakoan, gizonak eta emazteak txandaka ezarri behar ziren. Ondorioz, 3.500 biztanlez gorako herrietan, gizon eta emazte kopurua ia bera da, ñabardura batzuk gorabehera.

«Legeak ez badu behartzen, ez dugu lortzen hobekuntzak egitea», kexu da Martine Bisauta Baionako zinegotzia. «Emazteentzat porrota da, legearen bidez lortu behar izatea hori. Ez dugu ordezkatze justurik lortzen, ez badugu legea erabiltzen. Izugarria da». Legearen betetzea ez zen beharrezkoa herri txikietan, ez eta herri elkargoetan ere. Baiona Angelu Miarritze hiri elkargoan, adibidez, ardura postuak dituzten hautetsi guztiak gizonak dira.Gizonak dira, halaber, Ipar Euskal Herriko 21 kontseilari nagusietatik 19.

Ipar Euskal Herriko auzapez gehien-gehienak gizonak dira. %5 baizik ez dira emazteak. Azken agintaldian, emazteak doi bat gehiago ziren, baina ez ziren %10era heltzen. Berdintasun legea bete behar den hirietan ere, auzapez gehien-gehienak gizonak dira, Senperekoa eta Bokalekoa salbu. Haatik, auzapezordeen artean, gizon bezainbat emazte bada, 3.500 biztanlez gorako herrietan. Hori ere legeak behartzen duelako.

Auzapezorde horien ardurak banatzean, hirigintza, finantzak eta garapen ekonomikoa gizonen esku gelditu dira, hala ere. Lapurdiko lau hiri handienetan hala gertatu da. Emazteen esku gelditzen dira gizarte arloa, haur txikiena, gazteriarena edota ingurumenarena. «Gizonek ospea duten eskumenak hartzen dituzte, eta emazteei arlo soziala uzten diete», uste du Martine Bisautak. «Eta emazteak sail horri atxikiak zaizkio. Ez dute eskumen nagusi horien hartzeko gogorik erakusten».

Arlo soziala ez da lan txikia, dena den. «Arlo soziala ere garrantzitsua da. Gaur egungo garaiak ikusiz, dosier horien ardura duten emazteek lan anitz ukanen dute. Ez da erraza izanen». Emazteek gero eta ardura handiagoak dituztela uste du. Oraino gelditzen da bide egiteko, Bisautaren ustez. Baina «mentalitateen aldaketa» bat izan dela dio. «Legea betetzen den tokietan, emazteek frogatu dute ardurak hartzeko eta lan egiteko gai direla».



Marie-Jose Mialocq Arbonako auzapeza

«Emazteek ez dituzte beren gaitasunak aski erakusten»

E. Bidegain

Arbona

Martxoko hauteskundeetan bere zerrenda garaile atera ondoan, Arbonako (Lapurdi) auzapez da orain, Marie-Jose Mialocq (Arbona, 1951). Gogotsu lotu zaie ardura berriei.

Ipar Euskal Herrian emazte auzapez gutxi dago, azken hauteskundeetatik hona. Bakarrenetarikoa zara.

Gai publikoak beti interesatu nau. 1983an Arbonako emazte zinegotzi bakarra nintzen. Gero, ez nintzenean gehiago hautetsi, beti inplikatu nintzen elkarte munduan. Beharbada, emazteek ez dituzte beren gaitasunak aski erakusten. Uste izaten da ez direla gai holako kargu baten betetzeko. Ez dute beren burua aski erakusten.

Berdintasun legea ez da betetzen Arbona bezalako herri txikietan. Baina, aurten, lehen baino zinegotzi emazte gehiago bada, herri txikietan ere. Berdintasun legeak zeharkako ondorioak izan ditu?

Ez dut uste. 1995ean emazte zerrenda bat osatu nahi izan nuen. Hamalau emazte eta gizon bat nahi nituen, beste zerrendak hamalau gizon eta emazte bakarra baitzituen. Uste nuen biziki zaila izanen zela gizon bakar horren aurkitzea. Ororen buru, gizona aise aurkitu nuen, baina inoiz ez nituen hamalau emazte aurkitu. Herritarrek ez gintuzten serio hartu, baina kontzientzia sorrarazi genuen. Aurten, zerrenda osatzean, gizon bezainbat emazte nahi nituen; baina ez dut lortu.

Orain, auzapez zarela, emazte gisa zer ekarpen eginen diozu herriari? Zein izanen da zure berezitasuna?

Kanpainan zehar, arbonarrek ikusi dute gauzak nola egiten eta aurkezten ditudan, ikusi dute gaitasunak baditudala, eta konfiantza egin didate. Ez dakit ea gizon ala emazte gisa arrazoinatuko dudan. Emazte gisa kolore desberdin bat ekarriko dut. Beharbada beste sentsibilitate bat ukanen dut, herritarrengan beste kontaktu mota bat. Arbona aldatzen ikusi dut, eta suspertu nahi dut. Herrigunea berpiztu nahi dut, herritarrak beren herriko bizian parte hartzera bultzatu nahi ditut.

Azken urteetan elkarte giroan hartu duzu parte Arbonako bizian. Zer egiten zenuen?

Herriko kontseilua utzi nuen haurrak txikiak nituelarik. Beste guraso batzuekin batera, pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela haur horiek herrian bertan aktibitate batzuk ukan zitzaten, Miarritzeraino joan behar izan gabe. Halaber, gurasoek elkar ezagutzeko parada ere izan zen. Herriko beharrak zein ziren ikertu genuen. Elkartea berehala hazi zen, biziki laster berrehun bazkide lortu genituelako. Elkarte horrek kirol eta kultura aktibitateak proposatzen ditu. Herria txikia izateak aukera asko ematen du haurrak elkartzeko.

Maiz erraten da emazteek politikan edo herriko kontseiluan inplikatzeko zailtasunak dituztela, haurrak txikiak dituzten bitartean, non eta ez duten nahiko diru haur zaindari bat pagatzeko. Aldiz, aiseago inplikatzen dira elkarte bizian.

Hori bera. Emazte gazteei nire taldera etortzeko galdetzen nienean, jadanik halako edo holako elkartean zirela eta ez zutela astirik erantzuten zidaten. Aiseago inplikatzen dira elkarteetan. Beharbada zinegotzi ardurak beldur eginarazten die. Gainera, sei urteko engaiamendua da. Aldiz, elkarte giroan, ez dira hain lotuak.

Baina gizon gazteak aiseago aurkezten dira hauteskundeetara. Etxe barneko giroa edota lan banaketa ere islatzen du?

Bai, eta kulturala ere bada. Tradizioz, gizonak ziren hautetsiak. Herentzia astuna da. Aldatzen ari da, baina emeki-emeki. Horregatik, ez dut uste aterabidea berdintasun legea eta horietatik etorriko den, nahiz eta ongi diren. Aldaketa berez etorriko da, naturalki. Gero, emazte zinegotzi bat gai sozialetako batzordean ikusten dugu beti. Ez! Emazte bat obra publikoetako batzordean ere izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.