Gipuzkoa, bakegintzaren laborategia

Lantalde bat osatuko dute Batzar Nagusietan; bertako edukiak eta metodologia adostu nahi dituzte taldeek

Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Batzordearen bilera bat. J. C. RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Bakegintzari buruzko lantaldebat osatzeko proposamena mamitzen ari dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Lantaldea osatzeko ardura izango duen batzordea oraindik ez da bildu, baina alderdiak jada hasi dira beren jarrera zehazten. Eusko Legebiltzarrean ez bezala, ezker abertzaleak lekua izango luke lantalde horretan, EArekin eta Alternatibarekin batera Bildu koalizioko kide delako. Oraingoz, EAJk, PSE-EEk eta Aralarrek ziurtatu duteparte hartuko dutela. Bilduk ere parte hartzeko asmoa agertu du, eta PPk ez du erabakirik hartu.

Eguna zehaztua ez duten arren, datozen asteetan Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Batzordera deitzea da alderdi horien asmoa. Han zehaztuko dituzte lantaldearen metodologia eta ponentziako edukiak.

Bilera hori egin arte itxaron nahi dute Bilduko batzarkideek euren jarrera zehazteko, koalizioko iturriek egunkari honi adierazi diotenez. Nabarmendu dute, halere, «printzipioz» lantaldean parte hartzeko asmoa dutela.

Aurreko astean Gipuzkoako egunkari bati eskainitako elkarrizketa batean, lantaldean parte hartzearen alde azaldu zen Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia. Garitanok nabarmendu zuen talde «guztiek» parte hartuz gero ez berak eta ezta Bilduk ere ez luketela arazorik izango han parte hartzeko.

Uzkurrago azaldu da PP. Alderdi horrek oraindik ez du ziurtatu lantaldean parte hartuko duen edo ez. Gipuzkoako PPko presidente Borja Semperrek adierazi duenez, aztertu ere ez dute egin gaia. PPko buruzagiak uste du«aski» dela Eusko Legebiltzarrean osatutako lantaldearekin, han «Euskadi osoa» ordezkatuta dagoelako. Horren harira, adierazi du Gipuzkoako kasuan Bilduren parte hartzeak ez duela eraginik izango euren erabakian, baina nabarmendu du ez duela «gustuko» koalizioak parte hartzea. Lantaldearen bultzatzaileen «benetako asmoekin» kezkatuta agertu dira PPkoak.

Eusko Legebiltzarrean ez bezala, Aralarren zuzendaritzak Gipuzkoako lantaldean parte hartzea erabaki du, indar politiko «guztiek» parte hartu ahal izango dutelako. «Atzera bueltarik izango ez duen bakea eraikitzeko urratsak guztion artean egin behar dira, inongo bazterketarik gabe», adierazi du Rebeka Ubera batzarkideak. Uberak azaldu duenez, Gernikako Akordioak eta Aieteko Adierazpenak marraztutako bidearen alde egingo du Aralarrek Gipuzkoako lantaldean.

EAJk ere zehaztuta dauzka landu nahi dituen edukiak. Alderdi jeltzaleak azaldu duenez, hiru puntutan laburbiltzen dira: gertatutakoari buruzko kontakizuna marraztea, alde bateko zein besteko biktimen aitortzarako bidean urratsak egitea eta bizikidetzarako oinarriak zehaztea. EAJk nabarmendu duenez, akordioak iristeko, ezinbestekoa izango da «malgutasunez» jokatzea.

PSE-EEk, berriz, nahiago dun nork bere edukiak zehaztu baino gehiago, «sukalde lana» egitea, talde guztien artean edukiak eta metodologia zehaztu ahal izateko, eta batzuen eta besteen artean sor daitezkeen usteak saihesteko. Lan horretan ari da Rafaela Romero PSE-EEko bozeramaile eta Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Batzordeko presidentea. BERRIAri eginiko adierazpenetan, Romerok nabarmendu du Euskal Herria «une historiko batean» dagoela eta indar politiko guztiek «erantzukizunez» jokatu behar dutela. «Oso gai garrantzitsua dugu esku artean: honekin ezin dugu jokatu hauteskundeei begira», nabarmendu du.

Urratsez urrats eginiko bidea

Aspalditik dator Gipuzkoako Batzar Nagusietan bakegintzari buruzko lantalde bat osatzeko nahia. EAJk egin zuen proposamena, Bildu Foru Aldundira iritsi eta Batzar Nagusietan eginiko lehenengo osoko bilkuran, iazko irailaren 21ean. Bilkura horretan, halaber, elkarrizketa prozesu baten alde agertu ziren Batzar Nagusiak, EAJren eta PSE-EEren babesarekin eta gainontzeko taldeen abstentzioarekin.

Udazkenean, hainbat bilera egin zituzten, eta urriaren 10ean, talde guztien babesarekin, oniritzia eman zioten bakegintzari buruzko lantalde bat abiatzeari. Hala ere, urtea amaitu arte itxarotea erabaki zuten, une horretan ez zegoelako lantaldea osatzeko «baldintza egokirik». Batzar Nagusietako alderdiek erabaki hori hartu zuten Aieteko nazioarteko bake konferentzia eta ETAk bere jardun armatuaren amaiera iragarri baino hamar egun lehenago. Gertakari horiek eta ondoren etorri direnek berpiztu dute proposamena.

Hala, aurtengo martxoaren 31n Batzar Nagusietan eginiko bilkuran, gaiari berriz heltzeko eskatu zuen EAJk. Egun horretan, bakegintzari buruzko lantalde bat osatzeko erabakia hartu zuten Eusko Legebiltzarrean, baina EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak salatu zuten lantaldea «baztertzailea» zela —Aralarren lau legebiltzarkideetatik hiruk ez zuten zuzendaritzaren agindua bete eta lantaldearen alde bozkatu zuten—.

Egun horretan bertan, baina Gipuzkoan, Batzar Nagusiek bazterketarik gabeko elkarrizketen alde egin zuten, PPren ez beste taldeen babesarekin. Aurreneko aldia zen Bilduk eta alderdi sozialistak bat egiten zutena bakegintzari buruzko ekimen batean. Bi talde horiez gain, EAJk eta Aralarrek sinatu zuten adierazpena.Aieteko Adierazpenaren garrantzia nabarmendu zuten; biktima guztien erreparaziorako eta eragindako mina aitortzeko urratsak eskatu zituzten; espetxe politika aldatzea eta presoen eskubide guztiak errespetatzea galdegin zuten; ezker abertzalea legeztatzeko beharra azpimarratu zuten; eta eragile politiko guztien arteko elkarrizketen alde azaldu ziren.

Erabaki horrek hauspotu egin du lantaldea osatzeko nahia. Hala, Eusko Legebiltzarreko lantaldeak lehen bilera egin zuenegun berean, astelehen honetan, EAJk lantaldea osatzeko proposamena aurkeztu zuen Batzar Nagusietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.