"Birziklatzea etorkizuna" dela eta Gipuzkoa "norabide egokian" doala adierazi du Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen eta Lurraldeko Antolaketako diputatuak. Errazkinek gipuzkoarrak zoriondu ditu, dagoeneko hondakinen erdiak birziklatzen ari direlako. "Asko dugu egiteko, baina gipuzkoarrok harro egon behar dugu egindako lanaz", esan du Errazkinek gaur, 2014ko hondakinen kudeaketari buruzko datuen aurkezpenean.
Gipuzkoak 315.000 tona hondakin sortu zituen iaz, eta 170.476 eraman zituen zabortegietara. Beraz, hondakinen %44 birziklatu zituen herrialdeak, batez beste, 2013an baino sei puntu gehiago. Errazkinek azpimarratu du hondakin organikoen birzikapenean herrialdea egiten ari den ahalegina. Izan ere, 25.000 tona hondakin konpostatu zituen Gipuzkoak iaz, 2013an baino 11.000 tona gehiago.
Eskualdeka, Deba Goiena izan zen iaz hondakin gehien birziklatu zuen mankomunitatea (%59,2), eta Deba Barrena, berriz, gutxien birziklatu zuena (%35,2). Lau mankomunitatek hondakinen erdiak baino gehiago birziklatu zituzten, diputazioak emandako datuen arabera: Tolosaldea, Urola Erdia, Sasieta eta Deba Goiena.
Errazkinek gogoratu du 2016an hondakinen %60 birziklatzea dela Gipuzkoaren helburua, eta, gainera, helburu hori betetzeko modukoa dela, orain arteko datuei erreferentzia eginez. Aldi berean, gaineratu du datuek erakusten dutela Zubietako errauste plantaren proiektua "zentzugabekeria" bat dela. Izan ere, 2016an %60ko birziklatze tasa lortuta, 126.000 tona errefus besterik ez ditu sortuko Gipuzkoak. Zubietako errauste plantaren proiektuak –Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak bertan behera utzi du agintaldi honetan– 260.000 tona hondakin tratatzeko ahalmena zuen.