Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du diru sarrerak bermatzeko laguntza berri bat onartuko duela, "lurraldeko herritarren bizitza baldintzak hobetzeko eta Eusko Jaurlaritzaren murrizketa sozialek eragindako huts larria betetzeko". Prestazio sozial horren bitartez gutxieneko diru sarrera batzuk bermatu nahi dizkie Jaurlaritzak "babes saretik kanpo utzi" dituen pertsonei.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatuak aurkeztu dute ekimena gaur, hedabideen aurrean. "Aldundiaren helburua gure lurraldean zabaltzen ari den pobrezia geldiaraztea, eta Jaurlaritzaren arduragabekeriak eta bere eskumenei aurre egiteko ezintasunak eragindako ondorioak arintzea da, ahal den neurrian behintzat”, esan dute.
Garitanok adierazi du urtarrilean Jaurlaritzak gogortu egin zituela diru sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko baldintzak, erroldatuta egoteko derrigorrezko aldia urtebetetik hirura igota. Horrek, Aldundiak azpimarratu duenez, gizartearen babesik gabe utziko ditu milaka familia. Hain zuzen, Diputazioko Gizarte Politikako Departamentuaren aurreikuspenen arabera, Gipuzkoan 600 lagun inguru geratuko dira prestazio ekonomikorik gabe. Horiei emango die laguntza Aldundiak.
Gipuzkoan hiru urtera 1.800 lagun pobrezia eta babesik gabeko egoeran
Prestazio hori inolako sarrerarik ez dutenei edota oinarrizko beharrei edo gizarteratzeko prozesuari aurre egiteko nahikoa maila ez dutenei ematen diete. Aldundiak aurreikusten du hiru urtera Gipuzkoan ia 1.800 lagun egongo direla "pobrezia eta babesik gabeko egoeran eta gizartetik baztertuak gelditzeko arriskuan".
“Jakitea urtero 600 lagun gehiago gelditzen direla pobrezia egoeran Gipuzkoan, eta hori konpontzeko ezer ez egitea, arduragabekeria politikoaz gain, moraltasun falta ere bada", salatu du Garitanok. "Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu foru aurrekontuaren zati bat Gipuzkoako babes sare propioa sortzeko erabiltzea; izan ere, nahiz eta gure eskumenekoa ez izan, konpromiso hori hartu behar dugu Jaurlaritzaren jardungabeziaren aurrean. Foru gobernu hau ezin da ezer egin gabe gelditu pobrezia hazten ari den bitartean. Gipuzkoako herritarren bizitza baldintzak hobetzeko gobernatzen dugu, desberdintasunaren kontra borroka egiteko, eta lurraldeko errenta modu egokian banatzeko, eta hori guztia lortu nahi dugu hainbat neurri erabilita —erreforma fiskala eta dekretu berri hau, besteak beste—".