Azpiegiturak

Gipuzkoako Aldundia prest dago Donostiako metroaren proiektuan parte hartzeko

Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen egitasmoa eraikitzeko azterketa lanetan hasiko dela, eta Olano ahaldun nagusia "apustu politikoaz poztu" egin da. Dena dela, EAJk dio Donostiako "propaganda hutsa" dela.

2009ko uztailaren 14a
18:23
Entzun
Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen Donostian metroa eraikitzeko asmoa duela eta aztertzen hasiko dela, eta Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusiak gaur erantzun du akordioa lortzen bada "prest" dagoela proiektuan parte hartzeko eta dirua jartzeko.

"Apustu politikoaz poztu" egin da Olano, eta "harreman eta komunikazio dinamika iraunkorra" izatearen alde agertu da.

EAJk, ordea, ez dio sinesgarritasunik eman Jaurlaritzaren egitasmoari. "Propaganda hutsa da, suzko erroberak", adierazi du Jose Ramon Beloki EAJren Espainiako Kongresuko diputatuak, gaur.

Berak Kongresuan egitasmoaz deus ez duela entzun esan du Belokik. "Inork ez du esan legealdi honetan Donostian metroa egingo denik, eta oso erraza da 2015, 2016 edo 2040an egingo liratekeen gauzak planifikatzea".

Iñaki Arriola (PSE-EE) Jaurlaritzako Herrilan eta Garraio sailburuak eman zuen atzo asmoaren berri, Odon Elorza Donostiako alkatearekin batera egindako agerraldian. Arriolaren arabera, azpiegitura berriak 4,35 kilometro eta hiru geltoki izango lituzke -Amara eta Antigua auzoak lotuko lirateke-, eta 700 milioi euroko kostua. Elorzak aurreko Garraio sailburuak kritikatu zituen, egitasmoa "ezkutatu eta bahitu" egin zutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.