Gipuzkoako Foru Aldundiak 758,64 milioi euroren gastua aurreikusten duten kontuak aurkeztuko ditu etzi. Aurten baino %3 gehiago da hori.
Larraitz Ugarte bozeramaileak nabarmendu du gizarte politika izango dela 2014ko aurrekontuen "ardatza" eta, hortaz, ez duela arlo horietan inolako murrizketarik aplikatuko. Are gehiago, "gastu soziala handituko da Gipuzkoan Espainiako Gobernutik eta Eusko Jaurlaritzatik datozen murrizketak estaltzeko". Bere datuen arabera, aurrekontuaren %48,76 bideratuko du gastu eta inbertsio sozialera.
Ostegunean Diputatuen Kontseilu berezia deituko du Aldundiak aurrekontuen proiektua onartzeko. Egun horretan bertan, Batzar Nagusietan aurkeztu dute Martin Garitano diputatu nagusiak eta Helena Franco Ogasuneko diputatuak 2014rako foru Gobernuak prestatutako aurrekontu proiektua.
Ugartek zehaztu duenez, mendekotasun legeko diru-laguntzak eta zerbitzuak ordaintzeko aurrekontua handituko da, “nahiz eta Madrildik 30 milioi euro kendu dizkiguten finantziaziorako”. Diputatuaren hitzetan, “mendekotasuna duten 23.000 pertsona atenditzen ditu Aldundiak Gipuzkoan, eta ez ditugu alde batera utziko”.
Diputazioak 2014ean Eusko Jaurlaritzatik Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari egindako murrizketak ere estalduko ditu eta, horretarako, handitu egingo du berriro pobreziari aurre egiteko martxan jarritako neurri eta prestazio ekonomikoen partida.
Espainiako lan erreformari aurre egin nahi diola dio Garitanoren gobernuak. Horregatik, gizarte zerbitzuetan dauden langileen lan hitzarmen kolektiboetan hartutako hobekuntzak aurrekontuarekin babesteko konpromisoa hartu du.
Akordioa EAJrekin
Aldundiak gutxiengoan gobernatzen duenez, beste alderdi baten babesa edo abstentzioa beharko du aurrekontuek aurrera egiteko. Iaz PSEren laguntza aurkitu zuen, baina azken hilabeteotan bi alderdien arteko harremanak asko kaskartu dira, eta Garitanoren aurkako zentsura mozioa iragartzera iritsi zen Rafaela Romero sozialisten buruzagia. PSEren saioa ezerezean geratu zen, EAJk ez zuelako babestu. Jeltzaleak dira aurrekontuak onartzeko Bilduren aukera garbiena. Elkarri mokoka aritu dira azken bi urteotan, baina EAJk erakunde publikoen aurrekontuak ez trabatzeko politikarekin jarraitzen duela ohartarazi du azken asteotan.
Gainera, EAJk Aldundiarekin berarekin akordioa lortu du defizit gehigarriaren bidez Gipuzkoak izango dituen 18 milioi euroak non gastatu erabakitzeko. Diruaren zatirik handiena udaletara joango da, enplegua bultza dezaketen inbertsioak egiteko, baina EAJrekin negoziatu ondoren, 450.000 euro bideratuko dira beste proiektu batzuetarako: 150.000 izango dira Donostian enpresak sustatzeko, 100.000 jasoko ditu Inbiomed ikerketa zentroak, 80.000 Euskaltzaindiak Luis Villasante eraikinerako eta 50.000 Aranzadik.