Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak Eusko Jaurlaritzaren jokaera kritikatu du gaur, Euskararen Aholku Batzordearen bileran, “euskararen normalizazioan atzerapauso nabarmenak" egiten ari direlako, eta hori onartezintzat jo du. Etxeburuaren arabea, atzerapauso horiek bereziki hiru arlotan izaten ari dira: Osakidetzan, kontsumitzaile euskaldunen eskubideetan eta helduen euskalduntze-alfabetatzean.
"Osakidetzak 2.600 lanpostu atera ditu azken lan eskaintza publikoan, eta deialdian egindako aldaketekin (azterketa eta puntuazio ereduak) euskaldunon hizkuntz eskubideak urratu ditu Jaurlaritzak", dio Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendariak.
Eusko Legebiltzarrak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legea aldatzea onartu du, PSEk proposatuta, eta PPren eta UPDren aldeko botoekin, eta "aldaketa horrek hizkuntza eskubideen are urraketa handiagoa eragingo die kontsumitzaileen eskubideei".
HABEk euskalduntzerako eta alfabetatzerako emandako diru laguntzak murriztu izana ere txarretsi du Etxeburuak.
Euskaraz bizitzeko eskubidea defenditu du Euskararen Aholku Batzordearen bileran. “Helburu horretara iristeko herri mugimenduek eta administrazioek lan handia egin dute urte luzez. Lan horri esker hobera egin dugu arlo askotan, baina gabezia ugari daude oraindik. Salatzeko modukoa da, ordea, administrazioak atzera egin nahi izatea. Gipuzkoarrok eta euskaldunok, oro har, euskaraz bizi nahi dugu, eta euskaldunon eskubide hori bermatu nahi du Gipuzkoako Aldundiak. Ildo horretatik, salatu egingo du horrelako edozein atzerapauso”.