BIDE AZPIEGITURAK

Gipuzkoako Aldundiak GI-632 bideko Antzuola-Bergara tarteko lanen kontratua eten du

Proiektuan aurreikusi gabeko geologia arazoengatik proiektu berria egin behar dela ebatzi dute teknikariek, diputazioak azaldu duenez.

GI-632 errepidea Urretxun. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2015eko otsailaren 19a
11:56
Entzun

Antzuola eta Bergara arteko tartean dauden bidezubiak bukatzear daude; bost biaduktu dira guztira, eta, aldundiak azaldu duenez, bide onetik doaz eta epean amaituko dira. Baina, bidezubiak garaiz amaituko diren arren, ezpondetan eta bestelako lurretan izandako arazo geologikoen ondorioz, teknikariek hilabeteak daramatzate arazoari aterabidea eman nahian, eta azkenean egokiena proiektu berri bat egitea dela erabaki dute.

Azken hilabeteetan obraren egoera, luiziak eta konponbiderako aukerak aztertzen aritu dira teknikariak. "Teknikari horiek egindako azterketek erakutsi dute onartutako proiektua ez zela egokia eremu horretan errepidea eraikitzeko eta beste proiektu egokiago bat egin behar dela ondorioztatu dute", adierazi du diputazioak ohar bidez: "Ez da egoki ikusi onartutako proiektua aldatzen eta aldatzen jarraitzea, inolako bermerik gabe, eta hobe ikusi da proiektu berri bat egitea".

Hori dela eta, aldundiak erabaki du obra horren kontratua etetea. Hala, enpresak zubibideak bukatuko ditu, eta, ondoren, obratik alde egingo du. Bitartean, aldundiak "beste proiektu egokiago bat" landu eta lehiaketara aterako du. Lanak urte bukaeran berriro hastea espero du.

Orain arte egindako lanengatik enpresa eraikitzaileari 33,5 milioi euro inguru ordainduko dizkio aldundiak, hau da, indarrean dagoen aurrekontuaren (49,6 milioikoa) %67,5. Milioi horietatik kalte-ordaina 400.000 euro ingurukoa da, eta gainerakoa orain arte egindako lanengatik ordainduko zaie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.