IPARRALDEKO IKASTOLAK

Gipuzkoako Aldundiak Xalbador ikastola diruz laguntzea kritikatu dute PSEk eta PPk

Rafaela Romerok aldundiari egotzi dio "eskuzabal" jokatu izana "gipuzkoarren diruarekin", eta diru hori "atzerrian xahutu" duela uste du PPk. Neurria babestu du EAJk.

2013ko apirilaren 25a
16:22
Entzun

Kanboko Xalbador ikastola eraberritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak Seaskari emandako diru laguntza kritikatu dute gaur PSE-EEk eta PPk. Ohar baten bidez, PSEko batzarkide Rafaela Romerok diputazioari egotzi dio "gipuzkoarren dirua" erabili izana iparraldeko ikastolekin "eskuzabal" jokatzeko.

Romeroren ustez, "harrigarria da bere burua ezkerrekotzat duen koalizio batek 100.000 euro ematea Stop Kaleratzeak elkarteari eta bikoitza Iparraldeko ikastola bati". Esan du Gipuzkoak aurrekontu "murriztaileak" dituela eta herritarrak "gaizki pasatzen" ari direla; "baina horrek ez dio Bilduri axola", gaineratu du.

PPk ere kritikatu du ikastola diruz laguntzea. Juan Carlos Cano batzarkidearen iritziz, diputazioak "xahutu" egiten du dirua "atzerrian". Uste du ikastolari laguntza ematea "moraltasunik gabekoa" dela, eta dirurik ez "oparitzeko" eskatu dio.

EAJ, alde

Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakiaren alde agertu da, ordea, EAJ. Markel Olano EAJko batzarkideak oroitarazi du Eusko Jaurlaritzak, Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen garaian, Seaskari lagundu izan ziola: "Gipuzkoako Aldundiak gure babes osoa du oraingoan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.