Larraitz Ugarte bozeramaileak eta Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak gaur azaldu dutenez, aldundiko zerbitzu juridikoek diote salaketak ez duela "ibilbide juridikorik", diputazioak soilik "bi aldeei akordio bat proposatu baino ez" dielako egin.
Ugarteren arabera, ez dute aurkeztutako proposamena atzera botako: “Ez dugu atzera egingo; Adegiren aurreneko mehatxu horren aurrean ez ginen kikildu, eta zaharren egoitzetako langileen lan eskubideak defendatzeko epaitegietara joan beharrak ere ez gaitu beldurtzen", esan du.
Rodriguezek adierazi duenez, Adegiren "urduritasuna" agerian geratu da, badakielako patronalaren barnean dauden enpresa batzuk aldundiaren proposamena babesteko prest daudela. Diputazioak jakinarazi du Lares patronalarekin gaur bertan bildu direla eta patronal horrek "joko garbia eta akordioa lortzeko borondatea" erakutsi duela. Patronal horrek sektorearen erdia hartzen du bere gain. Beraz, Adegiren "mehatxuen gainetik", akordio bat egiteko "bide onetik" doazela nabarmendu dute diputazioko ordezkariek.