Gipuzkoako Auzitegiak berretsi egin du Amaia Azkue hil zuen A.E. gaztearen aurkako zigorra —hilketa izan zenean gazteak 17 urte zituenez, adingabea balitz bezala zigortu dute—. Ondorioz, gazteak adingabeen egoitza batean hamar urte egin beharko ditu, eta beste bost urtez zaintzapeko askatasuna izango du, urruntze aginduarekin.
Martxoaren 12tik 20ra izan zen epaiketa, Gipuzkoako Adingabeen Auzitegian —jendearentzat eta hedabideentzat ateak itxita—, eta 50 lekuko eta 30 peritu inguru igaro ziren epailearen aurretik. Apirilaren 2an jakinarazi zuten epaia. Defentsak helegitea sartu, eta maiatzaren 7an egin zuten auzi saioa; defentsak zioen Azkueren hiltzailea ez dela A.E., eta emakumea hil zuena kalean dagoela. Gaur berretsi du epaia auzitegiak.
Bost delituren errudun jo dute gaztea: hilketa, beldurraraziz eginiko lapurreta, autoa lapurtzea eta bideko segurtasunaren aurkako delitua —Azkueren autoa gidatu zuen gidabaimenik gabe—. Adingabeen zentroko egonaldiaz eta zaintzapeko askatasunaz gainera, urruntzeko agindu bat ezarri zioten gazteari: ezingo du joan Oriora, Zarautzera eta Getariara bost urtean —han egiten dute bizimodua Azkueren hurkoek—.
Joan den urteko martxoaren 16an aurkitu zuten hilik Azkue (Orio, 39 urte), Azpeitian, Ibai Eder urtegian, indarkeria arrastoekin: buruan zeuzkan kolpeak, harri batekin eginak, eta autopsiak baieztatu zuen kolpe horien ondorioz zendu zela. Lotuta zeuzkan eskuak eta hankak.
Ikerketa hasi zuen Ertzaintzak, eta susmagarrien artean sartu zuen akusatua. Deklaratzera deitu zuten polizia etxera, eta gazteak, ondoren, bere kabuz fiskalarengana joanda aitortu zuen hilketa. Iazko abuztuaren 17a zen, eta A.E.-k 17 urte zeuzkan. Atxilotu egin zuten, eta adingabeentzako egoitza batean daukate orduz geroztik, Zumarragan.
Epaiketako lehen saioan ukatu egin zuen berak hil zuela. Hain zuzen, hilabete eta erdi lehenago aldatu zuen bertsioa, berriro bere kabuz fiskalarengana joanda. Zioen beste pertsona batek hil zuela Azkue. Ez zuen ukatu hilketa lekuan egon zela —hori baieztatzen duten frogak badaude—, baina esan zuen pertsona horrek mehatxatu egin zuela, horregatik ez zuela salatu. Ez zuen zehaztu nor zen pertsona hori, deskribapen orokor bat eman zuen soilik. Epaiketan bertsio horri berari eutsi zion gazteak. Adierazi zuen ez zuela Azkue hil, beste pertsona batek hil zuela. Baieztatu zuen auto-stopean hartu zutela Zarautzen, emakumearen autoan; akusatuaren esanetan, ordea, ordurako hiltzailea zihoan autoan, eta hark behartuta joan zen Ibai Eder urtegira.
Adingabe bati ezar diezaioketen gehieneko zigorra da arestian aipatutakoa. Fiskaltzak eta familiaren abokatu Miguel Castellsek horrenbesteko zigorra eskatu zuten epaiketan.