Gipuzkoan lapurtutako umeen kasuak argitzeko epaiketak egiten badituzte, herrialde horretako Batzar Nagusiek akusazio partikular gisa jardungo dute auzi bakoitzean. Kaltetutako pertsonei eta elkarteei babesa, elkartasuna eta lankidetzarako konpromisoa adierazi diete Batzar Nagusiek, eta auzia argitzeko lagun dezaten eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako udalei eta aldundiari.
Haur lapurtuen auzian kaltetutakoei laguntzeko hitzarmen bat adostu zuen atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berdintasun, Giza Eskubide eta Oroimen Historikoko batzordeak. Akordioa aho batez onartu zuten ordezkaritza duten alderdi guztiek —Bilduk, EAJk, PSE-EEk, PPk eta Aralarrek—. Hilabete bat igaro baino lehen batzorde bat osatzea adostu zuten taldeek, haur lapurtuen auzi bakoitza zertan den ezagutzeko. Hainbat eskaera egitea hitzartu zuten: kaltetuei arreta psikologikoa eta juridikoa emateko eskatu zieten Eusko Jaurlaritzari, aldundiari eta udalei; epaiketak abiatzen ahalegintzea galdegin zioten, aldiz, Espainiako Fiskaltzari. Hilerriei, erietxeei eta beilategiei ere zuzendu zitzaizkien; eskura duten informazioa emateko eta ikerketetan laguntzeko eskatu zieten.
Batzar Nagusien hitzarmena «primerako berria» dela adierazi du SOS Haur Lapurtuak elkarteak. «Horrelako ekinbideak oso lagungarriak dira egia eta justizia bilatze aldera», esan du elkarteko presidente Flor Diazek. Alderdi guztiek akordioaren alde egin izanagatik pozik azaldu da; horrek «argi adierazten du politikoki laguntza eta ulermenik handiena duela gure borrokak». Egia jakiteko bide luzea falta dela nabarmendu du, baina erakunde publikoak zoriondu ditu «hitzetatik pixkanaka ekintzetara» igarotzen ari direlako.
Legebiltzarrean, ostegunean
1940 eta 1990 arteko kasuak ikertzeko batzorde bat osatuko du Eusko Legebiltzarrak. Horretanados jarri ziren atzo EAJ, PSE, PP eta Ezker Anitza, eta ostegunean bozkatuko dute osoko bilkuran. Gisa bereko eskaera bat egin zuen EAk iazko irailean, eta hori ere ostegunean bozkatuko dute. Aurka azaldu dira EAJ, PSE eta PP.
Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzaren kontrol saioan, eztabaida izan zuten atzo EAJk eta Eusko Jaurlaritzak. Kaltetuentzat laguntzak eskatu zituen EAJko legebiltzarkide Ane Urkiolak, eta ume lapurtuen auzian «Jaurlaritzak egindakoa baino gehiago» espero zuela erantsi zuen. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eleduna harro azaldu zen egindako lanaz, eta kaltetuei lagundu dien erakunde bakarra Jaurlaritza izan dela ziurtatu zuen: «Non daude udalak? Non diputazioak?». Mendiak iragarri zuenez, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria Diazekin batzartuko da datorren astean.
Gipuzkoako Batzar Nagusiak akusazio izango dira haur lapurtuen auzietan
SOS Haur Lapurtuak elkartearen arabera, egia jakiteko eta justizia egiteko «oso lagungarria» da ekinbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu