Osatzeko dagoen Espainiako Gobernuari eskatu diote bertan behera uzteko euskal preso politikoei aplikatutako sakabanaketa politika. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k batera aurkeztutako proposamenarekin bat egin du EAJk. Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioetan dabiltzan alderdiei eskatu diete ez dezatela onar “giza eskubideen urraketa betikotzen duen itunik”.
Sakabanaketari aurre egitea “borondate kontua” dela azpimarratu dute, hori deuseztatzeko ez baitago inolako “legezko trabarik”. Gaineratu dute “betebehar humanoa” dagoela eskaeraren atzean, “bakea eta bizikidetza indartzeko” balio duen heinean.
Horrez gain, EAJren eta EH Bilduren botoekin onartu dute Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritza deuseztatzeko proposamena —egun Carlos Urkijok duen kargua—. Ahal Dugu-ren bozeramaile Juantxo Iturriak, proposamena babestu ez arren, adierazi du Urkijoren jarrerak herritarrekiko eta administrazioekiko errespetu falta erakusten duela, eta legeak jasotzen dituen funtzioetara mugatu beharko lukeela Urkijok bere jarduna.