2009. urtean Gipuzkoan %22,5ekoa zen birziklatze tasa. Lau urte geroago, 2013an, %38ra iritsi zen tasa. Eta aurten %40ko tasa gaindituko dela adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. "Ondo ari gara. Norabide egokian goaz", adierazi du Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak. "Jauzia handia izan da".
Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak eman ditu datuak —mankomunitateek emandako zifretan oinarrituta—. Azaldu duenez, organikoaren gaikako bilketan aldaketa "handia" izan da: "Urte batean %70 igo da organikoaren bilketa". 2012an, 8.327 organiko tona jaso ziren, eta, 2013an, 14.170 tonara igo zen kopurua. 2008an, 383 tona organiko baino ez ziren bildu.
Zabortegietan isuritako errefusari dagokionez, tona kopurua txikiagotu egin da azkeneko urteetan: 2007. urtean 276.038 tona isuri ziren zabortegietara, eta iaz 190.383 tona. Iraolaren ustez, kopuruek erakusten dute Zubietako errauste planta eraikitzeak ez zuela zentzurik: "Errauste planta urtean 260.000 tona errausteko pentsatuta zegoen".
Beiraren bilketak apur bat gora egin du duela zazpi urtetik hona; 2007an, 22.589 tona bildu ziren, eta, iaz, 24.177.
Ontzi arinen gaikako bilketak gora egin du: 2007an, 8.590 tona jaso ziren; iaz, berriz, 13.694.
Paper eta kartoiaren bilketan, berriz, behera egin du tona kopuruak: 44.925 tona 2008an, eta 36.402 iaz.
Mankomunitateen artean Sasietakoa da birziklatze tasa handiena duena (%45), eta Deba Barrenakoa da txikiena duena (%29,3).
Emaitzak aintzat hartuz, Ingurumen diputatuak herritarrak zoriondu ditu: "Gipuzkoarrok erakusten ari gara posible dela hondakinak modu iraunkorrean eta eraginkortasunez kudeatzea".