Gipuzkoako Foru Aldundiak 2010ean errepideetan egin zuen gastua aztertu du Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, eta ondorioztatu du aurrekontuak sarri handitu zituela diputazioak.
Auzitegiak onartu du indarrean dagoen araudia gehienetan bete zuela diputazioak, baina salbuespen batzuk badirela. Errepideetako obrak aipatu ditu horien artean.
2009ko aurrekontuak aztertu zituenean ere ondorio bera atera zuen herri kontuen auzitegiak.
Adibideak eman ditu: Andoaingo saihesbidearen eraikuntzan —2006an eskaini zuten, 31,3 milioi euroko aurrekontuarekin—, aldaketa bat onartu zuen diputazioak, aurrekontuari 7,4 milioi euro gehiago emateko (%23,6ko hazkundea).
Saihesbide horren aurrekontua 2009an ere aldatu zuten, 13,7 milioi euro gehiago emateko. Horrenbestez, bi urtean %44 handitu zuen aurrekontua bi urtean.
Errepide berean, Urumeako autobian, Hernani eta Donostia arteko zatian, %10,3 handitu zen aurrekontua 2010ean, eta %32 2009an.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arabera, sektore publikoaren kontratazio legeari bizkar emanda egin dira aldaketa horiek: "Kontratuetan egokitzapenak egiteko ahalmena muga zentzuzko barruen sartzen da, gastua handitzeak ez dezan kontratazioaren tamaina ekonomikoa desitxuratu".
Bestalde, auzitegiak ohartarazi du diputazioak 7,2 milioi euroko balioa duten diru laguntza zuzenak ere eman zizkiela hainbat erakunderi. Lehiaketak eta haietarako publizitatea ez egitea behar bezala justifikatu gabe eman zituen laguntza horiek, auzitegiaren arabera.