Gipuzkoako Diputazioak bi konpostatze planta eraikitzea aurreikusi du 2009rako

Materia organikoa biltzeko plangintza osatu du, eta orain arteko helburuak hirukoiztu egin ditu

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2006ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2009. urterako Sasieta eta San Markos mankomunitateetan konpostatze planta bana eraikitzea aurreikusi du. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralean 2016. urterako 20.000 tona zabor organiko kudeatzea aurreikusi bazuen ere, hasierako helburua hirukoiztu egin du orain Diputazioak: 2016an sortuko den materia organiko guztiaren %54,9 konpostatu nahi du, hau da, 59.000 tona. Horretarako, hainbat jarduera ildo zehaztu ditu, hala nola, atez ateko bilketa biztanle gutxiko herrietan eta hondakin sortzaile handietan (merkatuak, ospitaleak, jatetxeak...), eta, herrietan bosgarren edukiontzia jartzea.

Jarduera horiek guztiak Konpostatze Plangintzan daude zehaztuta. Luis Mari Oiarbide Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatuak atzo plangintzaren aurkez- penean azaldu zuenez, plangintza hori Plan Integralari eginiko ekarpenekin osatu da. Azken hiruzpalau urteetan landu da, hiru fasetan banatuta: lehen fasean zaborraren bilketa eta tratamendu ereduaren definizioa egin zen; bigarren fasean materia organiko biodegradagarrien sorlekuak identifikatu eta kuantifikatu zituzten; eta, hirugarrenik, lortutako konpostarekin zer egin aztertu zuten. Bihar Donostiako Kursaalean egingo diren jardunaldietan aurkeztuko dute plangintza.



KONPOSTATZE EREDUA. Javier Ansorena Diputazioko Ingurumen zerbitzuko zuzendariak azaldu zuenez, Diputazioak «kalitatearen» aldeko apustua egin du: «Konpostatzearen helburua konposta lortzea da, eta konpost hori kalitatekoa izatea nahi dugu». Hori lortzeko, materia organiko biodegradagarria gainerako zaborretatik bereizi, eta hondakin begetalak gaika bilduko dira. Hala, biztanle gutxiko herrietan eta hondakin sortzaile handiak diren guneetan atez ate bilduko da. Horretaz gainera, kalean bosgarren edukiontzia jarriko da. Edukiontzi hori, ordea, ezingo du edozeinek erabili. Herritarrek programan parte hartzeko asmoa dutela adierazi beharko dute, eta edukiontzia erabiltzeko giltza emango zaie. Modu horretara bildutako zabor organikoa konpostatze plantetan tratatuko da.

Zabor oganikoaren tratamendua bideragarria ote den jakiteko,proba egingo dute lehenik Sasieta, Urola Erdia eta Urola Kostako mankomunitateetan. Javier Ansorenak aurreratu zuenez, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan hasiko dira. Sasietan eraikiko dute konpostatze planta. Bi urteko probaren ondoren, Gipuzkoa osora zabaltzea aztertuko du Diputazioak. Hala erabakiko balitz, San Markos mankomunitatean beste konpostatze planta bat eraikitzea aurreikusi du Diputazioak. Hala, Sasietako plantak 7.928 tona zabor organiko tratatzeko gaitasuna izango luke, eta han Sasietako herrietako zaborrak tratatzeaz gainera, Debagoiena, Debabarrena eta Urola Erdiko mankomunitateetakoak jasoko lirateke. San Markoseko konpostatze plantan 18.002 tona zabor kudeatuko lirateke, eta han, San Markoseko herrietako zaborrekin batera, Txingudi, Tolosaldea eta Urola Kostakoak tratatuko dira.

Atez ateko bilketa eta bosgarren edukiontziaz gainera, Diputazioak etxeko konpostatzea bultzatu nahi du. Aurten beste 2.000 konpostadore indibidual banatuko ditu, norberak bere etxean kospota egin dezan. Konpostatze Plangintzak landare hondakinak tratatzea ere aurreikusten du, 1999an hasitako bideari jarraituz.



HELBURUAK HIRUKOIZTU. 2016. urtean 59.000 tona zabor organiko tratatzeko apustua egin du Diputazioak, hasierako helburuak hirukoiztuz. Horretarako, ordea, erakundeen eta herritarren parte-hartzea «ezinbestekoa» dela esan zuen Xabier Garmendiak Gipuzkoako Planaren egileak. Helburu horiek lortzeko, 2016. urterako biztanleen %60k bereizita jaso beharko du zabor organikoa.

Konpostatzearen ondorioz lortuko den konposta lorezaintzan eta hondatuta dauden lursailak berreskuratzeko erabiliko dela argitu zuen Ansorenak.



Hilaren 20a baino lehen bilduko dira Donostiako udal taldeak

Ekainaren 20ko udalbatzan erabaki nahi du Odon Elorza Donostiako alkateak errauste plantaren kokalekua. Udal taldeak, ordea, aurretik bilduko direla iragarri zuen atzo Denis Itxaso Ingurumen zinegotziak, kokaleku egokiena zein den aztertzeko: «Gainerako alderdiek euren jarrera zein den azaltzea nahi dugu. Esan dezatela ze toki proposatzen duten errauste planta eraikitzeko». PSE-EE erraustearen alde ez badago ere, konponbideak eman behar dituena bere alderdia izan behar izatea kritikatu zuen.

Halaber,Urola Kosta, Sasieta eta Urola Erdia mankomunitateen jarrera salatu zuen. Odon Elorzak bilera egin nahi zuen atzo mankomunitateetako presidenteekin errauste plantaren auziaz eztabaidatzeko. Haatik, hiru mankomunitate horiek agertzeko asmorik ez zutela iragarrizuten lehengo ostiralean, Elorzak errauste planta egiteko tramiteak bideratu ezean behintzat. Zaborraren arazoaz eztabaidatzeko beldur ote diren galdetu zien Denis Itxasok. «Ez dute elkarrizketarik nahi. Akordioa lortzeko jartzen duten baldintza Donostian errauste planta eraikitzea da, badiaren erdian bada ere». Donostiak lursail arazoak dituela azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.