Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako Hondakinen Kudeaketarako Plana babestu dute lurraldeko Bilduko 482 hautetsik. «Batere zaborrik gabeko bidean doa, eta lurraldeko hiru zabortegiak ixtea eta errauste planta ez eraikitzea jasotzen du. Azken batean, bat dator gipuzkoarren nahiarekin». Zaborrak kudeatzeko eskumena udalena dela gorarazi diete EAJri, PSE-EEri eta PPri, eta ez daudela prest errauste planta finantzatzeko. «Udalak oso larri gaude, eta ez gaude prest gure herriak urteetarako hipotekatuko dituen azpiegitura kutsatzaile batera bideratzeko dirua, are gutxiago posible denean diru gutxiagorekin hondakinak kudeatzea. Ez dugu inolako inposiziorik onartuko». Hala, adostasuna lortzeko borondatea dutela azaldu dute, eta elkar ulertzera dei egin diete erakundeei.
Hautetsiek atzo egin zuten agerraldia. Haien izenean mintzatu ziren Lezoko alkate Ainhoa Zabalo eta Zumaiako alkateIñaki Agirrezabalaga. Gogorarazi zuten gero eta udal gehiago ari direla batere zaborrik gabeko politikaren alde egiten. «Gure betebeharra da seme-alabei hipotekarik ez uztea, eta ingurumena eta herritarren osasuna errespetatuz %30eko birziklatze maila gainditzea eta helburu handiagoak lortzea. Izan ere, herri batzuetan ikusi den bezala, posible da %80ko birziklatze tasa lortzea. Horretara goaz, herritar guztien ahaleginarekin eta parte hartzeekin».
Bide horretan errausketa «oztopo bat» dela nabarmendu dute. «Birziklatzea geldiarazteaz gain, errausteak eragin txarra du ingurumenean eta herritarren osasunean. Errauts toxikoak, gainera, zabortegi berezietan gorde behar dira. Beraz, batzuek esaten dutenaren aurka, ez du zabortegien arazoa konpontzen. Gainera, zabortegi horiek oso-oso kutsatzaileak dira».
Zubietako errauste planta eraiki aurretik «hilda» dagoela iritzi diote. «Gure herrietan apenas sortuko dugu errefusik, eta kopuru hori ez da aski izango errauste planta bideragarri egiteko, ez handia ez txikia. Gainera, ez du bermatua finantzaketa, ez behintzat udalen bizkarretik».
Bizkaian gertatutakoa kontuan hartzeko eskatu dute. «Zabalgarbiren bigarren lerroa ez zabaltzea erabaki zuten, eta orain, inbertsioak porrot egin ez dezan, ez dute baztertzen hondakinak beste toki batzuetatik ekartzea».
EAJrekin bildu da Alduntzin
Herenegun PSE-EErekin eta PPrekin egin zuen moduan, atzo EAJrekin bildu zen Gipuzkoako Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzin, hondakinen kudeaketaz hitz egiteko. EAJren aldetik Xabier Ezeizabarrena eta Eider Mendoza batzarkideak izan ziren batzarrean. Bilera «etsigarria» izan zela esan zuen Ezeizabarrenak. «Aldundiak ez du ezer berririk aurkeztu hondakinen arazoa konpontzeko». Eskaria egin zion aldundiari: Batzar Nagusiek onartutako plangintza betetzeko. Aldundiaren ustez, berriz, PSE-EE, PP eta EAJ «gehiegi tenkatzen ari dira soka».
Gipuzkoako Diputazioaren Hondakinen Plana babestu dute 482 hautetsik
Hondakinak kudeatzeko eskumena udalena dela gogorarazi diete Batzar Nagusiei, eta errespetatzeko hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu