Euskal Herria

Gipuzkoako Diputazioari «manipulazioa» egotzi dio Bidelaneko zuzendariak

Isaac Lopezek esan du Bidelanek Bidegirekin duen kontratuak «legezko berme guztiak» dituela.

urtzi urkizu
2013ko irailaren 13a
17:47
Entzun

«Gezurretan» aritzea eta «errealitatea manipulatzea» egotzi dio Bidelan enpresako zuzendari Isaac Loiolak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Abuztuaren amaieran, Bidelanek azkeneko lau urtetan behar baino 15,6 milioi euro gehiago fakturatu zituela salatu zuen Larraitz Ugarte diputazioaren eledunak. Enpresarekin hitz egiteko prest azaldu zen, baina Bidegik Bidelanekin duen kontratua eten nahi zuela iragarri zuen, «kaltea» urritzeko.


Bidelaneko zuzendariak nabarmendu du enpresak Bidegirekin duen kontratuak «berme legal guztiak» dituela. «Kontratua 2018. urtera arte mantenduko da, epaile batek kontrakoa erabakitzen ez duen bitartean», ziurtatu du.


Ugartek eta Bidegiko zuzendari Katty Nevadok herenegun Batzar Nagusietan adierazi zuten kontratu horrek kalte egiten diola diputazioari, 2010. urtean aldatu egin zutelako enpresaren «interes ekonomikoei mesede egiteko». Ugartek nabarmendu zuen Bidegi urtean lau milioi euro ari dela ordaintzen errepideen kudeaketarengatik.


Bidelaneko zuzendariak Ugarte eta Nevadoren argudioen aurka hitz egin du. «Erraza eta merkea da politikatik enpresa baten irudia zikintzea», salatu du Loiolak. Bere ustez, 2009. urtean enpresak berak kontratuaren baldintzak aldatzeko eskatu zuen, «eskaintzaren hasierako baldintzak aldatu egin zirelako». Bidelanek ibilgailuen trafikoaren arabera kobratzen zuen, baina trafikoa aurreikuspenetik behera ibili ziren; Loiolaren arabera, diputazioak ez zituelako hitzartutako inbertsioak gauzatu.

Bestetik, PSE-EEko batzarkide taldeak Ugarteri zuzendutako galdera bat aurkeztu du Bidelanekin lotuta. Ugartek Batzar Nagusietan esan zuen Bidelanekin kontratua etetzeko asmoaz ez ziola kontsulta egin Gipuzkoako aholku-emaile batzorde juridikoari. Maria Jesus Egido PSE-EEko batzarkideak adierazi du interesekoa dela jakitea Ugartek zer legelarirekin kontsultatu duen «halako erabaki garrantzitsua».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.