Gipuzkoako EAJk Villabonan larunbatean edukiontziak erre izana gaitzetsi du

2013ko uztailaren 8a
17:14
Entzun

"EAJk beti gaitzetsi izan ditu eta gaitzesten ditu herri honetan gertatzen diren sabotaje ekintza guztiak, hiri altzari txikitze eta edukiontzi erretze guztiak. Villabonako edukiontzien erretzea, ere bai", hala baieztatu du Gipuzkoako EAJk prentsa ohar batean. Larunbatean Villabonan gertatutakoa gaitzestean gain, elkartasuna adierazi die suaren eraginez kalteak jasan dituzten eraikinetako jabe eta bizilagunei, baita, EAJren ustez, Bilduk larunbatean gertatutakoaren ardura leporatzen dien Patxi Amantegi eta Patxi Agirreri ere. Horrez gain, Villabonako EAJren udal taldeak edukiontziak erretzea gaitzesten duen mozioa osoko bilkuran aurkeztuko duela iragarri du.

Gipuzkoako Sorturen koordinatzaile Joxean Agirrek EAJri egotzi dio larunbatean Villabonan gertatutakoa, eta horiek, berriz, Agirreren adierazpena "zinismoz beteriko ariketa iraingarria" dela diote: "Bere iragan larderiatsua ez ahaztu, ezta uko egin ere, ez duen batek bakarrik praktikatu dezakeen ariketa".

Asteburuan Villabonan zaborren inguruan egindako galdeketa "porrota" izan zela adierazi du Agirrek, baina Gipuzkoako EAJk ez du "inondik ikusten" ustezko porrot hori, "ez behintzat emaitzei dagokienez". Bilduk Villabonan alkatetza lortzeko 1.587 boto lortu zituen bitartean, bosgarren edukiontziak 1.613 villabonatarren botoak eskuratu dituela argudiatu du EAJk. Bilduk jendeak bere iritzia "askatasunez" emateko duen eskubidearen aurka egiten duela uste du Gipuzkoako EAJk, baina jazarpen hori gainditu dutela villabonatarrek: "Nahiz eta jazarpen hau jasan, erroldaren %36ak —bozkatu zutenen %99ak— atez atekoaren aurka egin zuen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.