Gipuzkoako eta Bizkaiko gizarte zerbitzuak, EBren helburutik urrun

Jaurlaritzak 2008. urtearen amaierarako jarri nahi du indarrean Gizarte Zerbitzuen Legea

unai zubeldia
2007ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
«Orain arte pobreentzako gizarte zerbitzuen sistema geneukan, baina guk pobreentzako eta pobre ez direnentzako zerbitzua nahi dugu. Ez dezagun sistema marjinal bat egin. Politikoki heldutasuna badago, baliabide ekonomikoak ere badauzkagu, gizartearen presioa ere bai... Mekanismoak badauzkagu pixkanaka iraunkorra izango den gizarte zerbitzuen sistema bateratu bat sortzeko». Gizarte zerbitzuen sistema bateratua. Fernando Consuegra Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako kontseilariordearen hitzetan, hori da Jaurlaritzaren epe motzerako helburua. Etorkizuneko lege horrek, ordea, zirriborro itxura dauka oraindik. Erakunde eta eragile guztien ekarpenak bilduta, lege aurreproiektuaren lehen zirriborroa aurkeztu zuen Jaurlaritzak joan den otsailean. «Erakundeen artean gutxieneko adostasuna lortuta, gizarte zerbitzuen aurreproiektua zehaztuko dugu. Orduan jarriko dugu martxan ohiko prozedura».

Helegiteak jartzeko denbora, Jaurlaritzako eztabaida, Gobernu Kontseiluaren erabakia, Eusko Legebiltzarrerako urratsa... Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak jakinarazi duenez, «urtea amaitzerako» bidaliko dute aurreproiektua Legebiltzarrera. Ohiko prozesuaren ondoren, 2008 amaieran edo 2009 hasieran egingo du legeak errealitatearekin topo. Izan ere, gaur egungo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte zerbitzuen kudeaketa, kantitatea eta kalitatea kontuan hartuta, bakoitza ia mutur banatan dago.

Europako Batasunaren (EB) gizarte zerbitzuetarako helburuak oinarri hartuta, Araba soilik dago muga horren gainetik. EBren arabera, 65 urtetik gorako 100 biztanleko zahar etxeetan bost plaza eta eguneko zentroetan plaza bat behar dira. 2005eko abenduko datuak aintzat hartuta, Araban 65 urtetik gorako 100 biztanleko 5,60 plaza daude zahar etxeetan, eta 1,42 eguneko zentroetakoa. Gipuzkoan 4,08 eta 1,01 hurrenez hurren, eta Bizkaian 4,04eta 0,57. Dena den, Bizkaian urtebetean egoerak nabarmen egin du hobera. Aldundiaren datuen arabera, iazko abenduaren 31n zahar etxeetako datua 4,41ekoa zen, eta eguneko zentroetakoa, berriz, 0,69koa.

Madrazoren hitzetan, legearekin herrialdeen arteko ezberdintasunak «ezabatu» egingo dira. Baina ezberdintasunak ezabatze horrek baliabideak eskatzen ditu, herrialde bakoitzak gizarte politika jakin bat daukan arren, errealitate batek batzen baititu guztiak: urtetik urtera handitzen ari den adinekoen kopuruak. Gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %18k dauzkate 65 urte baino gehiago, eta 2015erako kopuru hori %20koa izango dela aurreikusi dute. Bostetik bat, alegia. Adinekoen kopurua igotzeak gaur egungo zerbitzua indartu beharra dakar berekin. Eta pixkanaka bada ere, zerbitzu kopurua handitzen ari da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako proiektuen arabera, gizarte zerbitzuen 2.000 plaza gehiago sortuko dira.

Zerbitzuak indartzeaz gain, ordea, bateratu ere egin beharko dira. «Toki batean egon zein bestean egon, zerbitzuen eskaintza berbera izatea bermatuko dugu». Izan ere, baldintza horiek dira lurraldeen arteko ezberdintasun gehienen eragileak. Itxaron zerrendena da ispilu argiena. Iaz, Bizkaian 82 adineko zeuden zahar etxeetan sartzeko itxaron zerrendan, Araba 300-400 adineko, eta Gipuzkoan, berriz, 900 inguru.

Datu horien atzean, ordea, gizarte politikak daude. Izan ere, Bizkaian, esaterako, zahar etxeen sare publikoan sartzeko diru irabazietan muga bat dago. Muga horretatik gora daudenei ez diete zahar etxe horietan sartzen uzten. Gipuzkoan, berriz, ez dago mugarik, eta muga ez jartze horrek itxaron zerrendak handitu egiten ditu. Beraz, Jaurlaritzaren legeak elkarrengandik nabarmen desberdinak diren gizarte zerbitzuetako politikak bateratu egin beharko ditu. Consuegraren ustez, horretarako sortuko dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Plana. «Erabakiak ez dira ez aldundienak eta ez udalenak izango. Gainetik egongo den plan estrategiko baten mende egongo dira. Kudeaketa deszentralizatuta egongo da, baina kudeaketak ezaugarri bateratuak edukiko ditu».



ORDAINKETA PARTEKATUA. Zerbitzua ordaintzeko modua. Hori da gizarte zerbitzuen inguruan lurraldeen artean dagoen beste desberdintasunetako bat. Araban, esaterako, adinekoa hiltzen denean, ordura arte jasotako zerbitzuaren zorrak ordaintzeko adinekoaren lehen etxebizitza erabiltzeko eskubidea dauka Aldundiak. 1995etik dago indarrean lege hori Araban, Bizkaian iaz onartu zuten. Gipuzkoan ez dago halakorik; adinekoaren ondasunak bai, baina lehen etxebizitza ez dute erabiltzen zorrak kitatzeko. Jaurlaritzaren legeak ere ordainketa egiteko lehen etxebizitza erabiltzea debekatuko du. «Bigarren etxebizitza, balio ekonomikoak, akzioak... erabil daitezke horretarako, baina lehen etxebizitza ez, oinarrizko elementua baita».

Eta, Consuegraren hitzetan, ordainketa partekatua egiteko lehen etxebizitza erabiltzea debekatzeaz gain, legearen beste oinarrietako bat «doako sistemara gerturatzen saiatzea» izango da. «Gizarte zerbitzuetako eskaintza asko, orokorrean, doakoak izango dira. Baina, kasu batzuetan, zerbitzu horien barruan ostatua, mantenua... ere badaude. Berezkoak ez diren baina beharrezkoak diren zerbitzuak ordaindu egin behar dira. Eguneko zentro batean dagoenari askaria eta bazkaria ematen zaizkio, garbitzen laguntzen zaio... Eskaintza horiek ordainketa partekatua behar dute, baina beste zerbitzuak sistemak berak ordaindu behar ditu. Berez euren etxeetan ere ordaindu beharko luketena ordaindu behar dute erabiltzaileek».



Zenbakia

562

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte zerbitzuetan urtean pertsonako egiten den gastuaren batez bestekoa 562 eurokoa da. Eustaten 2004ko datuen arabera, Araban 686 eurokoa zen kopurua, Gipuzkoan 547 eurokoa eta Bizkaian 538 eurokoa. BPG kontuan hartuta, gastuaren %2,2 bideratzen da gizarte zerbitzuetara.

%36,71

Arabako Foru Aldundia. Aurrekontuaren %36,71 bideratu zuen iaz. 408 milioi euroko aurrekontua izan zuen iaz Foru Aldundiak; horietatik ia 150 milioi euro bideratu zituzten gizarte zerbitzuetara. Aurtengo aurrekontua 170 milioi eurokoa izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundia. Aurrekontuaren (805 milioi euro pasatxo) %30,1 bideratu zuten iaz gizarte zerbitzuetara, 242 milioi euro inguru, alegia.

Bizkaiko Foru Aldundia. Iaz 67,6 milioi euro bideratu ziren zahar etxeak kudeatzeko, eta erakundeekin hitzartutako zahar etxeak eta eguneko zentroak kudeatzeko, berriz, 37 milioi euro.





«Sistemari homogeneotasuna emateko garaia heldu da»

Ramon Jauregi Gipuzkoako Gizarte Baliabideen Kudeaketarako zuzendaria
Jaurlaritza prestatzen ari den Gizarte Zerbitzuen Legea begi onez ikusten du, nahiz, lurralde bakoitzak bere eredua daukanez, aldaketa zaila izango dela onartu.
U. ZUBELDIA

Donostia

Gizarte zerbitzuetako baliabideak urtetik urtera «hobetzen eta ugaritzen» ari direla adierazi du Ramon Jauregi Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Baliabideen Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariak. Hala ere, zerbitzua sendotzen jarraitzeko itxaropentsu dago.

Europako Batasunak gizarte zerbitzuetarako jarritako helburuen arabera, 65 urtetik gorako 100 pertsonako zahar etxeetan bost plaza eta eguneko zentroetan plaza bat behar dira. Arabak soilik betetzen ditu muga horiek.

Azken urteotan denok ari gara esfortzu handia egiten. Aurrekontuak asko handitu dira, eta pixkanaka gizarte zerbitzuak handitzen ari dira. Orain arte, lurralde bakoitzak bere kasa lan egin du, eta horregatik dago hain egoera desberdina toki bakoitzean. Baina denok ikusten dugu eskaintzak batzeko eta oreka lortzeko beharra, adinekoek eskubide berberak baitauzkate toki batean edo bestean bizi. Hainbat proiektu martxan dauzkagu eta pare bat urte barru gaur egun baino hobeto egongo gara.

Beste erronka bat ere badago. Aurten herritarren %18 dira 65 urtetik gorakoak, eta 2015erako %20 izango dira. Zerbitzuak are gehiago hobetzea eta egokitzea eskatuko du horrek.

Bai, hala da. Baina azken urteotan aurrekontua %15 baino gehiago igo da, eta, hain zuzen ere, gizarte departamenduak igo dira gehien. Argi dago zergatik den; urtero adineko pertsona gehiago daudenez, eskaera ere handiagoa delako. Behar horri erantzun behar diogu.

Jaurlaritzak aurkeztutako aurreproiektuak sistema guztien arteko oreka aipatzen du, gizarte zerbitzuak sare bakar batean biltzea, alegia. Aldundiak nola egokituko zarete sistema horretara?

Prozesu horretan gaude dagoeneko. Denok dakigu sistema hori derrigorrezkoa dela. Gizarte zerbitzuak sortu zirenean herri eta lurralde bakoitzak ahal zuena egitea erabaki zen. Une honetan, ordea, zerbitzuak asko indartu dira, eta sistema guztiari nolabaiteko homogeneotasuna emateko momentua heldu da. Jaurlaritzarekin lanean ari gara, bakoitzaren ikuspegia eta egoera azaldu eta adostasunak lortzeko, eta proiektua adosten denean lurralde bakoitzak horretara egokitzeko esfortzua egin beharko du. Eta, noski, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan antzeko zerbitzuak izateko aldaketa nola eta zenbat urtetan egin behar den erabaki beharko da.

Bateratze horretan batzuek besteek baino esfortzu handiagoa egin beharko dute, eta horretarako baliabideak beharko dira. Bide erdian geratzeko arriskurik ikusten duzue?

Lehenengo pausoa eredua adostea da, lege horrek markatuko baitu bidea. Gero hasiko gara zer pauso eman behar ditugun eta horiek nola finantzatuko ditugun erabakitzen. Noski, batzuek besteak baino aurrerago egongo dira helburuetara iristeko, eta normala da bakoitzak bere modeloa defendatzea. Hala ere, badakigu denok egokitu beharko dugula.

Jaurlaritzaren legeak debekatu egingo du gaur egun Araban eta Bizkaian dagoen sistema bat: adinekoa hiltzen denean, ordura arte jasotako zerbitzuaren zorrak ordaintzeko aldundiek adinekoaren lehen etxebizitza erabiltzen dute. Aurrerantzean ezingo da halakorik egin. Gipuzkoan betetzen duzue baldintza hori.

Lurralde bakoitzak bere eredua dauka, eta auzi honetan ere gauza bera gertatzen da. Denok onartzen dugu adinekoek plazaren zati bat ordaindu behar dutela, baina hortik aurrera hasten dira diferentziak. Ordainketa hori egiteko irizpide ezberdinak erabiltzen dira. Diferentzia etxebizitzaren kasuan dago. Ondasuna bere osotasunean har daiteke, edo lehenengo etxebizitza ondasun horietatik kanpo utzi daiteke. Bigarren aukeraren alde egin dugu Gipuzkoan. Hala ere, homogeneizazio prozesuan desberdintasun horiek gainditu eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan modu berean aplikatuko den formula bilatu behar dugu. Oraindik goizegi da ezer esateko, nahiz eta Jaurlaritzak Gipuzkoako ereduaren antzekoa proposatu duen.

Eredu bat edo bestea izan, itxaron zerrenden arazoari ere aurre egin beharko diozue. Bizkaian 82 adineko zeuden iaz zerrendan, Araban 300-400 eta Gipuzkoan 900. Dena den, 82 edo 900 izan, nola konpon daiteke arazo hori?

Sistemak funtzionatzeko beharrezkoak dira itxaron zerrendak. Itxaron zerrendetan dauden pertsonei plaza bat dagoela esanez deitzen diegunean askok esaten digute ezetz, jada ez zaiela interesatzen, edo toki horretan ez dutela nahi. Benetako itxaron zerrenda, beraz, dezente txikiagoa da. Baina argi utzi behar da zerrendak beharrezkoak direla, zentro asko daudenez, betetzeko zerrendetan dauden adinekoak behar direlako. Bestela hutsik egongo lirateke, eta luxua da plaza bat hutsik edukitzea.

Itxaron zerrendekin batera, zerbitzu horien kostua da beste oztopoetako bat. Hilean 57 euro inguru zentro publikoetan, pribatuetan gehiago... Kostu hori pisu handia izaten da familientzat.

Baina erabiltzaileak dirua baldin badauka ordaindu behar da kopuru hori. Hau da, inor ez da gelditzen kalean dirurik ez daukalako. Kopuru hori zentroak funtzionatzeko daukan kostuak eragindakoa da; kostu horren zati bat ordaindu egin behar da. Ordaindu, ordea, dirua daukanak ordaintzen du. Gutxiago daukanak gutxiago ordaintzen du. Diru gutxien daukatenek daukate sartzeko lehentasuna.

«Gizarte zerbitzuak pribatizatzen ari dira». Geroz eta gehiago entzuten den esana da. Zergatik pribatizazio hori?

Pribatizazio hori ez da gizarte zerbitzuen kasua bakarrik, beste arlo askotan gauza bera gertatzen ari da. Administrazioek euren lanean lehentasunak finkatzen dituzte, eta gizarte zerbitzuen kasuan, zerbitzuen arduran, kontrolean, ikuskaritzan eta finantziazioan zentratu dira. Kudeaketa beste enpresen esku geratzen ari da, baina hori ekonomia arloko eta merkatuko prozesu orokor bat da. Gizarte zerbitzua ere ez da gauza arraro bat, prozesu horren barruan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.