Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du helegiterik aurkeztuko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak Igeldoren desanexioaren inguruan hartutako erabakiaren aurrean. Imanol Lasa diputazioko bozeramaileak esan du epaia "argia" dela eta 2003ko foru araua aintzat hartzen duela —hots, 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten herriak ezin direla udalerri bihurtu—.
Politikoki ere kritikatu du desanexio prozesua: "Denok genekien prozesuak ez zituela iritzi guztiak kontuan izan, berme juridikorik ez zuela eta herri kontsultan ez zela aukerarik eman beste galderarik egiteko".
Epaiarekin kexu azaldu da EH Bildu, eta uste du horrek "erabakitzeko eskubideari kalte" egiten diola. Xabier Olano EH Bilduko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak nabarmendu du Igeldoko herritarrek "argi" esan zutela "zer nahi zuten", baina epaitegiek aukera hori baztertu dutela eta ez dietela igeldotarrei "beren etorkizuna erabakitzen uzten".