Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara izango du hizkuntza nagusi barruan eta kanpoan

Harremana euskaraz soilik izan nahi dutela adierazi diote 49.200 gipuzkoarrek eta 634 enpresak diputazioari

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Etxe barruan eta kanpoan euskara hizkuntza nagusia izateko neurriak hartuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak: barruan, zerbitzuetako arduradunei euskaraz jakitea eskatuko diete aurrerantzean, eta euskara lan hizkuntza gisa jarriko dute bost zerbitzutan; kanpora begira, berriz, jendaurrean euskaraz egitea bermatuko dute, eta prentsaurrekoak euskaraz egingo dituzte, guztia gaztelaniaz errepikatu gabe, erdarazko hedabideetan euskarak tokia izateko. «Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta lehentasuna euskarari eman nahi dio aldundiak», adierazi du Larraitz Ugarte eledunak. Helburua: agintaldia bukatzerako aldundiko zerbitzu guztiak euskaraz emateko gai izatea.

Euskara sustatzeko foru arau bat indarrean dago Gipuzkoan aurreko legealditik, 2009tik; diputazioko arduradunen esanetan, ordea, abian jartzea falta zen. Zehazki zein neurri hartuko dituzten jakinarazi zuten atzo Ugarte bozeramaileak, Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak eta Aitziber Iartza Komunikazio zuzendariak.

Diputazioan bertan hartuko dituzte neurriak euskara bultzatzeko, lan euskaraz egiteko eta zerbitzua ere horrela emateko. Bost alorretan plan pilotu bat hasi dute, euskara hizkuntza nagusia izan dadin: Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Zerbitzuan; Aldizkako Laguntzak Zerbitzuan; Modernizazioa Zerbitzuan; Erakundeekiko Konpromisoak Zerbitzuan; eta Landa Garapena eta Nekazaritza Egiturak Zerbitzuan.

Zerbitzuetako buruek eta idazkari teknikoek euskaraz jakin beharko dute aurrerantzean, hizkuntz eskakizunak jarri dituzte eta. Departamentu batzuetan bilerak-eta euskaraz egiten dituzte jada, Ugarteren esanetan; hori gehiago zabaldu nahi dute. Gaur egun, diputazioko postuen %17an ez dago hizkuntz eskakizunik, eta %9an lehen eskakizuna dute. «Langileen laurdenak ez daude gaituta beren lana euskaraz egiteko», jakinarazi du Etxeburuak. Aldundiak helburu du normalizazio plana sei puntuan hobetzea aurten, eta Eralan programa jarri du abian sentsibilizazio lanerako.

Lehiaketetan, irizpide

Herritarrek eskatzen dute euskaraz egitea diputazioarekin. Joan den errenta kanpainaren harira, diputazioak iragarri zuen harremana euskaraz izan nahi duten herritarren errolda osatzen hasiko zela. 49.234 herritarrek eskatu diote Ogasunari euskaraz egiteko. Enpresen zenbakia are esanguratsuagoa dela esan du Ugartek: 634k nahi dute euskaraz egin.

Etxetik kanpora ere hasiko dira euskara gehiago kontuan hartzen. Besteak beste, diputazioaren lehiaketetan parte hartzeko oinarrietan hizkuntz irizpideak sartu dituzte. Ugartek berri eman du enpresa bat baztertu dutela Antzuola-Bergara errepideko lanak egiteko lehiaketatik, gutxienez bi teknikari euskaldunak izateko baldintza ez duelako bete. Gisa berean ari dira beste sail batzuetan, eta laguntzak ematerakoan ere aintzat izango dute hori.

Agerraldietan izango da aldaketa handiena. Jendaurreko ekitaldietan euskaraz egitea bermatuko dute, behar badira itzultzaileak jarrita. Prentsaurrekoetan euskara izango da nagusi. Orain arte bi eletan egin dituzte, baina aurrerantzean ez dute guztia errepikatuko gaztelaniaz. «Hori eginda, gaztelaniazko adierazpenak sartzen dituzte hedabideek», azaldu du Iartzak. Itzultzaileak jarriko dizkiete kazetari erdaldunei.

PPk azkar jo du diputazioaren ekimenaren kontra. Juan Carlos Canok salatu du herritarrak «bereiztea» dela aldundiaren xedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.