Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok gaur goizean aurkeztu ditu iazko hondakinen bilketari eta birziklatzeari buruzko datuak, eta positibotzat jo du bilakaera. Birziklatze tasa %55,24 izan zen. Gaikako bilketarena, berriz, %57,96. «Hobekuntza egon da, ia bi puntu eta erdikoa, eta, orokorrean, pozik egotekoa da». Hala, azaldu du Europak 2025erako ezarritako helburuak bete direla.
Datuen balorazioa egiteko orduan, herritarren konpromisoa eta prestatu dituzten azpiegiturak goraipatu ditu Asensiok, Zubietako erraustegiari erreferentzia eginez. «Oso ondo ari da funtzionatzen. Proba fasean erraustegia martxan egotea ere funtsezkoa izan da, pandemian zaila izango litzatekeelako egoera kudeatzea. Agerian geratu da ditugun azpiegiturak behar ditugunak direla».
COVID-19a dela eta, 2020 urtea ezohikoa izan zela adierazi du Ingurumen diputatuak, eta horrek eragina izan duela hondakinen bilketan, baina, hala ere, lortu dela datuak hobetzea. «Eta esanguratsua da hori». Azken urteetako perspektiba «oso ona» dela azpimarratu du, eta pandemiak joera hori mantsotu badu ere, bilakaera «positiboa» dela. «Mankomunitate guztiek lan ona egin dute. Nahiz eta datuetan gorabehera batzuk egon, horiek pandemiaren ondoriozkoak dira. Uste dut bilakaera positiboa izango dela hurrengo urteetan».
Gaikako bilketari dagokionez, beiraren, paperaren eta ontzien bilketan beherakada arina» sumatu da, joan den urteko datuekin alderatuta; bio-hondakinen biltze tasak, berriz, zertxobait hobera egin du: 2,06 puntu igo da. Aipatu duenez, jaso diren hondakinen %57,96 gaikako bilketan jaso ziren, eta beste %42,04 errefusak izan ziren. Hala, goranzko joerari eutsi zaio, nahiz eta hobekuntza apala izan: 2019an %57,13koa izan zen gaikako bilketa, eta %57,96koa iaz.
Zaborraren sortzeak ere behera egin du: 6,80 puntu. «Hau da, 10.000 tona gutxiago». Hala ere, badaude gora egin duten hondakinak: olioaren eta pilen bilketa, esaterako. Asensiok eman ditu horren arrazoi posibleak: «Pandemiak eragina izan du. Kontsumoan aldaketak egon dira: establezimendu publikoetatik etxeetara pasatu da. Ondorioak izan ditu jarduera ekonomikoaren eteteak».
Horiek horrela, Asensioren arabera, nahiz eta urte «zaila» izan, datuak, orokorrean, «onak» izan dira, eta helburuak «bete dira». «Hau da bidea; horrela jarraitu behar dugu».