Gipuzkoako hamalau herrik onartu dute atez atekoa, eta 2013 hasieran abiatuko dute

Hamalau herrietako ordezkarien arabera, zaborren arazoari buelta emateko konponbide bakarra atez atekoa da

Ainhoa Zabalo Lezoko alkatea eta Iñaki Agirrezabala Zumaiakoa, atzoko agerraldian, Donostian. A. CANELLADA / A. PRESS.
jon eskudero
Donostia
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoako hamalau herrik atez ateko sistema onartu dute zaborra biltzeko, eta espero dute datorren urte hasieran abiatzea. Usurbilen, Hernanin, Antzuolan eta Oiartzunen dagoeneko martxan dago atez atekoa, eta zerrenda horretara batuko dira ondorengo herriak: Legorreta, Segura, Zizurkil, Villabona, Zumaia, Irura, Legazpi, Lazkao, Anoeta, Oñati, Lezo, Bergara, Ormaiztegi eta Astigarraga. Herri horietako ordezkariek atzo egin zuten agerraldia erabakiaren berri emateko, Donostian, eta, adierazi zutenez, espero dute herri gehiagotako osoko bilkuretan ere atez atekoaren aldeko apustua egitea.

Iñaki Agirrezabala Zumaiako alkatearen arabera, atez ateko sistema da konponbide bakarra hondakinen arazoari buelta emateko eta zaborren % 80 birziklatzeko: «Errauste plantak ez du deus konpontzen, eta zabortegiak leporaino beteta daude. Gure ardura da atez atekoari esker ingurumena eta osasuna zaintzea; gure hurrengoei ezin diegu halako hipoteka txarrik utzi». Agirrezabalaren ustez, errazena litzateke orain arteko sistema berarekin jarraitzea. Hori, ordea, arazoari ihes egitea dela uste du: «Atez ateko sisteman ez sinestea arduragabe jokatzea da. Guk arazoari adarretatik heldu diogu, eta lanean jarraituko dugu».

Lanean jarraitu ahal izateko herritarren iritzia aintzat hartzea beharrezkoa dela jakinarazi du Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak: «Politika berria herritarrekin batera ezartzen ari gara. Zergatik? Arazoa guztiok sortzen dugu, eta, beraz, denoi dagokigu konponbidearen parte izatea. Guztion inplikazioarekin lortuko dugu helburua».

Informazioa herritarren eskura ipintzea ezinbesteko baldintza da, Zabaloren arabera. Horregatik, hainbat udaletan bileretara deitu dute, eta espero baino lagun gehiago batu dira: «Antolatzen ari garen bilera guztietan, batez beste, ehun lagun biltzen ari dira. Oñatin, esaterako, zortzi bilera antolatu ditu udalak, eta guztira 650 lagunek hartu dute parte. Herritarren informazio beharra betetzen ari gara». Zabalok esan duenez, baieztatu dezakete bileretara joan diren gehienek bat egiten dutela Bilduk mahai gainean jartzen duen konponbidearekin.

Agirrezabalak gogorarazi du, ordea, kontrako iritziak ere sortzen ari direla: «Badakigu herritar batzuk atez atekoaren aurka azaldu direla, eta sinadurak biltzen ari direla. Iritzi guztiak dira errespetagarriak, eta denak hartuko ditugu aintzat. Eurekin batera egingo dugu lan». Eta elkarlan horretarako, Bilduk dei egin die EAJri eta PSE-EEri ere: «Erraza da hedabideen aurrean gezurrak esatea. Atez atekoa ez da Bilduk asmatutako ezer, eta beste herrialde askotan ari dira horren alde egiten. Beraz, elkarlanetik abiatuta, konpondudezagun arazo larri hau, hondakinek ez baitaukate kolore politikorik».

Atez ateko sistemaren alde ez bosgarren edukiontziaren alde egingo zuela jakinarazi zuen herenegun Bizkaiko Aldundiak. Bada, Bizkaiko Bilduk gogor kritikatu du erabakia: «Bosgarren edukiontziarekin %4 birziklatzea dute helburu, eta Usurbilen, berriz, %100 birziklatzen ari dira atez atekoarekin. Aldundiaren erabakia oso okerra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.