HONDAKINAK

Gipuzkoako hondakin kudeaketa jokabide on gisa aztertuko dute Europako Parlamentuan

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak Bruselan hitz egingo du martxoaren 7an. Besteak beste, aldundiaren estrategia eta hainbat herritan hondakinak jasotzeko abiatutako atez ateko bilketa izango ditu hizpide. Janez Potocnik Europako Batasuneko Ingurumen komisarioak ere mintegian parte hartuko du.

Berria.info
2013ko otsailaren 13a
18:09
Entzun

Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako esperientzia jokabide on gisa aztertuko dute Europako Parlamentuan. Mintegi bat antolatu dute Bruselan martxoaren 7an, hondakinen kudeaketaren alorreko jokabide onak aztertzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundia gonbidatu dute, herrialdean izandako esperientziaren berri izateko. Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatua bertan ariko da.

Gaur eman du gonbidapenaren berri Errazkinek berak, Donostian eginiko agerraldi batean. Martxoaren 7ko mintegian, tokiko hiru esperientziaren berri izango dute Europako legebiltzarkideek: Italiako Cappanori udalerriarena, Flandriakoa eta Gipuzkoakoa. Cappanori aitzindaria da zero zabor norabidea eta atez ateko bilketa sistema ezartzen; bertako alkatea ariko da Bruselan. Flandriak, bestalde, %75 inguruko birziklatze tasa du. Flandriako Ingurumen Agentzia Publikoaren ordezkaritza batek hitz egingo du Europako Parlamentuan.

Errazkinek azaldu duenez, Gipuzkoak hiru gai nagusi jarriko ditu mahai gainean Bruselan: "lehenik, aldundiaren estrategia, errauste planta eta zabortegi kutsakorrak alde batera uzten dituena; bigarrenik, hainbat herrik atez ateko bilketa sistemaren bidez lortu dituzten birziklapen maila altuak, eta, azkenik, zero zabor herri bihurtzeko zenbait udalerri egiten ari diren bidea".

"2015 urtearen hasierarako zabortagiak ixtea da gure apustua"

Errazkinek jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa 2014 urte amaieran edo 2015eko urte hasieran zabortegiak ixtearen aldeko apustua egiten jarraitzen dutela. 2016an %60 birziklatzera heltzeko egin dute apustua, hori oinarri hartuta hainbat urrats egin dituztela adierazi dute. Eta Gipuzkoan kopuru horretara heltzeko aukera badagoela pentsatzen dute. Baina horretarako herritarren borondatea beharrezkoa dela nabarmendu du Errazkinek." Badakigu atez atekoak %80-90 birziklatzea lortzen duela, eta horretara heldu daitekeela. Flandrian egin ahal bada, Gipuzkoan zergatik ez? Donostian zergatik ez? Sistemarenbat ezartzeko eskatuko nuke, sistema asko daude, hori herri bakoitzaren hautua da", gaineratu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.