Heldu den urteko foru hauteskundeen boto aurreikuspenei buruz Gipuzkoako Aldundiak kaleratu duen inkestaren emaitzak zer esana ematen ari dira oraindik. Iñaki Galdos H1 Hamaikabat alderdiko idazkari nagusiaren ustez, inkesta hori «manipulatu» egin zuten, jendaurrean aurkeztu aurretik.
Zuzenean aipatu gabe, manipulazio horren ardura EAJri egotzi zion Galdosek. Gipuzkoako diputatu nagusiorde bada ere, berak jakin baino lehen emaitzak «batzokietan bolo-bolo» ibili zirela kritikatu zuen. «Lidergo partekatuari buruz ari denak horretan sinetsi behar du», haren irudiko.
Ostegunean jakinarazitako inkesta horren arabera, H1ek botoen %1,48 jasoko lituzke, eta ordezkaritzarik gabe geratuko litzateke herrialdeko batzar nagusietan. Alderdiko afiliatu eta jarraitzaileei lasai egiteko eskatu zien, hala ere, Galdosek. «2007an ere buru nintzen zerrendak batzarkide bakarra edo bat ere ez zuela aterako zioten, eta azkenean zazpi izan ziren». Orain dela lau urte EAko zerrendaburu izan zen Galdos, eta joan den urtean alderdia utzi eta H1 martxan jartzea erabaki zuen, beste kargu eta afiliatu batzuekin batera.
Aurrera begira baikorra da Galdos. «Datozen hilabeteotan H1 alderdi erabakigarria izango da lurralde guztietan», ziurtatu zuen. Hauteskundeen harira, koalizioan aurkezteko borondatea dutela ziurtatu zuen, eta, hala ez bada, gizarteak ardura norena den jakingo duela ohartarazi zuen.
Urtebete lanean
Bihar urtebete beteko da H1 sortzeko biltzarra egin zenetik, eta urtemuga ospatzeko ekitaldia egin zuen atzo alderdiak Gasteizko Goiuri jauregian. H1eko afiliatu eta karguen aurrean, egindako apustua «beharrezkoa» zela berretsi zuen Galdosek. «Berriak gara, ezezagunak, baina ezagutzen gaituztenean lekua izango dugu».
Galdosek ez ezik, Iñaki Beraza Aguraingo alkate eta alderdiko Arabako presidenteak ere hartu zuen hitza. H1ek «egonkortasuna» bermatzen duela aldarrikatu zuen. Arabako Foru Aldundiko gobernuaren hausturari buruz, gizartea «gorabehera horiekin aspertuta» dagoela ziurtatu zuen Berazak.
Gipuzkoako inkesta «manipulatu» dela salatu du Galdosek
H1 datozen garaietan «indar erabakigarria» izango dela ziurtatu du alderdiaren urtemuga ospatzeko ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu