Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak urte politiko honetako politika orokorreko lehen saioa baliatu du —ostegunean jarraituko du— foru aldundiak aurreko urtean eginiko lanaren balorazioa egiteko. Haren gobernuak landutako egitasmoen artean honako hauek nabarmendu ditu: krisialdi ekonomikoari aurre egiteko eginiko inbertsioak eta zerga sisteman eginiko aldaketak. Horrek Gipuzkoako politikagintzan “norabide aldaketa” ekarri duela esan du. “Ez da hondamendirik egon, batzuei hori esatea gustatzen zaien arren edo kontrakoa pentsatzen duten arren”.
“Gure ereduak funtzionatzen du”, esan du diputatu nagusiak, eta gizarte politiketan eginiko lana azpimarratu du. Foru aldundiak gizarte laguntzak handitu egin dituela gogoratu du, eta salatu bere eskumen ez diren zenbait arlotan ere inbertsioak egin dituela.
"Garai ilunak"
Agintaldian polemika iturri izan diren gaiak ere izan ditu hizpide Garitanok: hondakinen kudeaketa eta errepideetako ordainsariak. Lehenengoari buruz esan du “birziklatzearen kontzientzia” handitu egin dela Gipuzkoan. Adierazi du Gipuzkoako zenbait herritan %70ekoa dela birziklatze tasa eta foru aldundiaren helburua dela 2016rako %60koa izatea lurralde osoan. Prest azaldu da beste alderdiekin negoziatzeko oraindik egiteko dauden birziklatze plantei buruz, baina berretsi egin du foru aldundiak ez duela errauste planta egingo. Ordainsariei buruz, berriz, esan du egungo mugikortasun eredua “egokitu”·egin behar dela eta irtenbide bat eman behar zaiola “arazoari".
Garitanoren hitzaldia kritikatu du EAJk, eta azpimarratu du diputatu nagusiak galdu egin duela "zeukan sinesgarritasun apurra". PPrentzat, "iragan ilunera" jo du EAJri eskua luzatuta, eta PSE-EErentzat, Lizarra-Garaziko akordiaren garaira. Rafaela Romero bozeramaileak esan du Garitanok jarreraz aldatzen ez badu alderdi sozialistak eraitsi egingo dituela foru gobernuarekin dituen "zubi guztiak". Bilduko Idoia Ormazabalek, berriz, EAJri eskatu dio bat egin dezala beste eragileekin "Madrilgo inposizioei" aurre egiteko erantzun bateratua emateko, eta PSE-EEri aurtengo aurrekontuak aurrera ateratzea ahalbidetu duen akordioaren "bidetik" jarraitzeko.