politika

Gipuzkoako PPko buruak dio etorkizuna Bildurekin ere eraiki behar dela

Borja Semperren arabera, politika ezin da "erraietatik" egin, eta azaldu du "tesi" horren aldekoak direla Mariano Raxoi edota Jorge Fernandez Diaz.

2013ko urtarrilaren 5a
14:50
Entzun

Borja Semper Gipuzkoako PPko presidentearen arabera, "Bildu ez da ETA, nahiz eta koalizioa kontrolatzen duena —ezker abertzalea— herenegun arte ETAren atentatuak justifikatzen ibili", eta uste du "euskal gizartearen etorkizuna, leku jakinetan gustatu ala ez, Bildurekin ere eraiki" behar dela.

Gaineratu du "biharko eguna iragana baino hobea" izateko buruarekin jokatu behar dela, politika "erraietatik" egin beharrean, eta dio aipatutako gaietan "tesi" horren aldekoak direla Mariano Raxoi Espainiako gobernuburua edota Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak bere garaian, kazetari lanetan zenean, kazetarien-eta kontra idazten zuela esan du Semperrek. "Baina hori orain ez diot gogoratuko. Ahaldun nagusia da eta harekin politikaz hitz egingo dut". 

Gipuzkoako PPko presidentearen iritziz, "ETA desagertu" egin da, besteak beste Espainiako Justiziak Batasuna alderdi politikoa legez kanpo utzi zuelako, eta Polizien lanagatik ere bai. 

Bilduri eskatu dio esan dezala ETAren atentatuek ez zutela justifikaziorik. Koalizioak "indarkeriarekin behin betiko hausten" duenean, PSEk harekin hitzarmenak egingo dituela iragarri du Semperrek.

Jot Down aldizkarian egin ditu adierazpenok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.