Gipuzkoako zabortegietara botatako zabor kopurua %21,6 jaitsi da 2008 urteaz geroztik. Iaz 200.000 tona zabor heldu ziren zabortegietara. Horregatik Gipuzkoako Kontsortzioko ordezkari Juan Karlos Alduntzinek esan du errauste planta ez dela “bideragarria”. 2008an hasi zen kopurua jaisten, 2007an baino %3,2 zabor gutxiago bildu baitzuten. Hala ere, 2012an izan du jaitsiera handiena, %7,13.
Zubietan eraiki nahi zuten errauste plantan aurreikusten zuten 240.000 tona zabor jasotzea, baina errealitatea beste bat da. Iaz, 200.000 tona jaso baitzituzten. “Oraindik kopurua handia da”, azaldu du Alduntzinek. Gaineratu du asko dagoela hobetzeko, baina joera argia dela esan du, egin zituzten aurreikuspenek “zorionez” huts egin zutela, eta errauste planta ez dela “bideragarria”.
Alduntzinek uste du 2013ko emaitzak hobeak izango direla. Krisi ekonomikoak eta hondakin bilketa sistemek eragingo dutela esan du. Gaur egun zabortegira botatzen den %80 birtziklatu daitekeela uste du Alduntzinek.
Horrez gain, azaldu du 2008tik gaur egun arte materia organikoa biltzeko kopurua “izugarri” aldatu dela; 2008an 155 tona jaso zituzten, eta 2012an 8.000 heldu ziren.