Gipuzkoako zahar etxeetako eta adineko zentroetako langileek greba egin dute gaur. Orain arte, ELAk deitu izan du greba egunetar, baina, gaur, LABek ere deitu du. Elkarretaratzea egin dute Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean; ELAk lehenengo eta gero LABek. Soldata igoera, atsedenaldi ordaindua eta ratio hobeak eskatzen dituzte sektorerako.
Adolfo Muñoz 'Txiki' ELAko idazkari nagusiak adierazi du patronalen eta aldundiaren esku dagoela irtenbidea. Muñozek azpimarratu du elkarlanean aritu behar dela: "Aldaketa kolektibo moduan borrokatuta lortuko dugu". Idoia Elustondo ELAko kideak zerbitzu minimoekin izan duten arazoa azaldu du: "Zerbitzu minimoak %70 izateko eskatu digute, ordu batzuetan baita %80 ere". Neurri horiekin grebarako eskubidea mugatzen dela salatu dute. Akordiorik lortu ezean, azaroaren 26tik 30era eta abenduaren 24tik 31ra jarraituko dute grebarekin.
Bizkaiko zahar etxeetako langileak ere batu dira elkarretaratzera. Duela urtebete lortu zuten akordioa, eta babesa eskaini diete Gipuzkoako langileei.
LABek ordu erdi geroago egin du elkarretaratzea. Sindikatuko kide Leire Ormazabalek ere adierazi du aldundia dela gaur egun duten egoeraren erantzule nagusia. Auto bidezko karabanak egiten dabiltza, eskualdez eskualde. Gaurko deitu dute grebara, baina ez dute baztertzen aurrerago gehiago egitea: "Mobilizazioak indartuko ditugu benetako negoziazio fasean sartu arte".