Gipuzkoako Foru Aldundiko aterpean bildu dira Gipuzkoako zahar etxeetako ELA sindikatuko hainbat langile gaur goizean, iragartzeko greban jarraituko dutela «beste erremediorik ez dutelako». Dagoeneko 149 greba egun egin dituzte, eta, bihartik urtarrilaren 10era bitartekoak gehituz gero, 179 izango dira. Gatazka konpontzeari dagokionez, diputazioaren «interes falta» salatu dute: «Gero eta argiago dugu ez zaizkiela interesatzen ez emakume langileak, ez senideak, ezta erabiltzaileak ere». Aldundiko ordezkariak ez ziren agertu atzo ELAk deitutako bilerara, eta «ezkutatzeko ezer ez badute aurpegia emateko» eskatu diete sindikalistek.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan da gaur. Mugimenduak egiteko prest dagoela adierazi du, eta negoziazio mahaian eseri eta negoziatzeko eskatu die sindikatu eta patronalei. Azaldu duenez, ordea, «diputazioaren lehentasuna zahar etxeetan bizi direnen ongizatea da», eta horregatik eskatu dio Eusko Jaurlaritzari greba egunetako gutxiengo zerbitzuak %80ra igotzeko; aurrez ere %50etik %70era igo zituen, eta ELAk helegitea jarri zion erabakiari. Langileen eskari guztiak onartzeko asmorik ez duela ere gehitu du diputatu nagusiak: «Mugitzeko prest gaude, baina epe luzera ere begiratu behar da; eskariak onartuz gero, arazoa konponduko genuke epe laburrean, baina luzera ito egingo litzateke sistema».
Diputazioaren ardura
ELA, sektoreko sindikatu nagusia —langileen %60 ordezkatzen ditu—, joan den urteko urrian altxatu zen Olanok aipatutako negoziazio mahaitik. Txomin Lasa ELAko kideak gaur beste behin ere gogorarazi du gutxieneko bi baldintza ezarri zituztela bertan esertzeko: 2017. eta 2018. urteei dagozkien soldatak igotzea, eta sinatutako akordioa enpresa bakoitzak zigilatzea. Gainera, aldundiari egotzi dio sinetsarazi nahi izatea ELA mahaian esertzen ez delako dagoela gatazka: «Negoziazio mahaian egon ginen 2017ko urtarriletik 2018ko urriraino, eta orduan ez zien axola gu bageunden ala ez». Lasaren ustez, arazoa ez da hori, baizik eta diputazioak ez duela «benetako apustu bat egin nahi» sektore horretan.
Diputazioko ordezkariek «aurpegia ez dutela ematen» ere salatu du: «Gogorra iruditzen zaigu Olanok eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak hemen ezer gertatzen ari ez balitz bezala jokatzea». ELAk bi politikari horien eta beste hainbaten soldata %13 igo izana ere gaitzetsi du.
Zahar etxeetako plazen %80 itunpekoak izan arren, gaur ere esan du Olanok negoziazioak patronalen eta sindikatuen artekoa izan behar duela. Argudio horrek «ez dio balio» Lasari: «Jaurlaritza eseri zen itunpeko eskolekin, Gipuzkoan zazpi herri baino gehiago izan ziren sorosleen aferako negoziazioetan... Borondate kontua da».
EH Bilduren erantzuna
EH Bilduk ohar bidez erantzun die Olanok gaur eginiko adierazpenei. Koalizioaren arabera, «langileen aldarrikapenei erantzuna emateak epe luzera kaltea dakarrela esatea benetan larria eta arduragabea da». Haien ustez, «ezinbestekoa da langileak zaintzea», eta aldundiaren ardura da lan baldintzak bermatzea: «Ezin da zerbitzu on bat eskaini langileak egoera prekarioan badaude».
Horrez gain, EH Bilduk salatu du prebentziora bideratutako baliabideak ez direla nahikoa, «egoitzetarako gero eta eskaera handiagoa ez baita biztanleriaren zahartzearen ondorioa bakarrik». Gainera, arbuiatu egin dute diputazioak UGTrekin azaroan erdietsi zuen akordioa, «ez duelako langileen baldintzetan aldaketarik suposatzen». Eta, azkenik, sindikatuekin bat egin, eta aldundiari «patronala bera dela» onartzeko eskatu diote: «Zerbitzuak azpikontratatzen direnean, ardurak ez dira azpikontratatzen».