Gipuzkoako zahar etxeetako langileek 250 egun daramatzate greban. ELA sindikatuak deituta, protesta egin dute gaur Donostian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote akordioa lortzeko bidean «oztopo» izateari uzteko. Dagoeneko ia hiru urtez luzatu da lan gatazka.
Gipuzkoako zahar etxeekin ia hiru urtez luzatu den lan gatazkari amaiera emateko, aldundiari akordioa lortzeko bidean “oztopo” izateari uzteko eskatu dio @ELAsindikatua-k. @berriapic.twitter.com/3qiOFh01De
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) June 14, 2021
Horretaz gain, Gipuzkoako hiriburuko Boulevardean egin duten ekitaldian, langileek esan dute euren greba eskubidea urratzen ari direla, gutxiengo zerbitzuak gehiegizkoak direlako. Azaldu dutenez, eurak «lan baldintza duinak eta zaintza ardatz izango dituen egoitza eredu» baten alde ari dira lanean, eta ez pribatizazioa eta negozioa oinarri dituen baten alde, «Markel Olanok zuzentzen duen Aldundiak egiten duen gisan».
Ekitaldian izan da, besteak beste, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. Hark gogorarazi du egungo eredua «bidegabea» dela: «Izan ere, finantziazioaren %90 publikoa den arren, egoitzen bi herenek irabazi asmoa dute». Langileek dituzten lan kargak eta baldintza prekarioak ere salatu ditu Lakuntzak.
Horregatik, Olanori negoziatzera esertzeko eskatu dio. ELAren arabera, 2018tik aldundiko ordezkariek uko egin diote langileen ordezkariekin biltzeari. Lakuntzaren iritziz, jokabide hori are ulergaitzagoa da egoitzetako langileak funtsezkoak direla agerian utzi duen pandemiaren ondoren: «Olano, eseri ELAren proposamena entzutera, irtenbide bat dugulako, pandemia honetan bizi izan dugunaren ondoren bi gauza zor dizkiguzulako: langileen lan baldintzak hobetzea eta gure adinekoentzako arreta zerbitzua hobetzea».
Langileei borrokan jarraitzeko eskatu die, egiten ari direna «ez delako greba arrunt bat, greba sindikala, feminista eta soziala baizik: arrakalaren aurkako, eta zaintzen balioaren eta emakumeek egiten dituzten lanen duintasunaren aldekoa».
#erresidentziakborrokan
— ELA sindikatua (@ELAsindikatua) June 14, 2021
Hauexek dira gaur deuseztatu nahi ditugun elementuak
Todo esto queremos desterrar para siempre
Alternatiba daukagu! pic.twitter.com/2Oss1TQs1r