Nik ere gelditu dut izeneko jaia egingo dute. Haur, heldu eta gazte; guztiei zuzendutako proposamena izango da. Gaur eguerdian jakinarazi dute, Usurbilgo frontoi parean. Gipuzkoa osoko Zero Zabor mugimenduko ordezkariak elkartu dira, eta Zubietan egin asmo zuten errauste plantaren egitasmoa bertan behera lagatzea aski albiste pozgarria dela oroitarazi dute: "Gertakari hau mugarri bat da. Zaborraren eta errausketaren aroari bukaera eman, eta, Zero Zabor aroa abiatzen duen mugarria".
Festa iragartzearekin batera, errauste planta ez egiteak ekarriko dituen onurak gogorarazi dituzte. Osasuna eta ingurumena, irabazle izango dira. Baina, alde ekonomikotik ere, abantaila agerikoa dela esan dute: "Errauste planta bertan behera geratzeak 8 milioiko kalteordaina ekarri du", azaldu dute. Hartara, azpegitura egitera zihoazen enpresei eman zaien dirua ahotan hartu dute. Gainerakoan, kostua askoz ere handiagoa izango litzatekeela nabarmendu dute, ordea: "Errauste planta eraikitzeak 200 milioitik gorako gastua ekarriko liguke. 25 aldiz diru gehiago aurreztea lortu dugu".