Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpaina bat abiatu du, 50 harrera familia behar baititu 12 urtetik beherako 22 haurrez arduratzeko. Diputazioaren xedea da adin hori baino gutxiagoko ume bakar bat ere ez egotea harrera zentroetan eta horiei familia giro batean bizi ahal izateko aukera bermatzea.
Aldundiak emandako datuen arabera, 12 urtetik beherako 64 neska-mutiko daude harrera zentroetan. Horietatik 42k jada hasia dute harrera familia batekin egoteko prozesua. Beste 22ren kasuan, berriz, familia topatzeko prozesuan daude. Horietatik %40k 3 urte baino gutxiago dituzte. «Ziurtatu nahi dugu 3 urtetik beherako haur bakar bat ere ez egotea harrera zentroetan. Helburu horretatik abiatuta, 12 urtetik beherako haurrentzat ziurtatuko bagenu hori, ikaragarrizko aurrerapausoa litzateke», adierazi zuen atzo egindako agerraldian Maite Etxanizek, Gizarte Gaietarako diputatuak.
Joera aldatzen ari den arren,kontuan izan behar da oraindik ere gehiago direla zentroetan dauden babesik gabeko haurrak harrera familietan daudenak baino. «Gure lehentasuna beti da haurra harrera familia batean egotea, eta legegintzaldi honetan erakutsi dugu hori. Espero dugu hemendik gutxira gehiago izatea harrera familietan daudenak zentroetan daudenak baino». Harreren alorrean Gipuzkoa «aitzindaria» da, Etxanizen esanetan. «Guk emandako hainbat gomendio Espainiako Senatuak egindako txosten batean jasotzen dira».
Zehazki, Gipuzkoan, 289 dira harrera zentroetan dauden adingabeak, eta 266 familietan daudenak. Kasu gehienetan adingabeen senideak arduratzen dira zaintzaz: aiton-amonak edo osaba-izebak, kasu gehienetan. Gipuzkoan, 141 daude egoera horretan.
Ondoren aztertzen dute odolekoa ez den familia bati ematea zaintza. 108 haur daude halako familietan. Azken legegintzaldian, gainera, harrera profesionalen programa bat sortu dute. Harreragile profesional horiek adituak dira zaintzaren alorrean. Psikologoak eta halakoa izan ohi dira. Azken aukera gisa ikusten dute harrera zentro batera eramatea.
Baliabide gehiago
Haurtzaro eta Gazteria alorreko zuzendari Joxi Insaustik, berriz, gogorarazi du legegintzaldi honetan gora egin duela harreran dauden adingabeen kopuruak; batik bat 0-1 urteen artean. «Datuak kezkagarriak dira. Baina kontuan izan behar da gero eta gehiago direla babesik gabeko egoeran dauden haurren kasuak atzemateko tresna eta baliabideak. Hori oso positiboa da. Kasuak atzemateko oso garrantzitsua izan da, halaber, osasun eta hezkuntza alorreko profesionalekin elkarlanean aritzea. Gure ustez, hori ezinbestekoa da».
Gipuzkoan 50 familia behar dituzte 22 adingabe zaintzeko
Zentroetan 12 urtetik beherako haurrik ez egotea lortu nahi dute, eta ume horiei familia giro bat eskaintzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu