GIPUZKOA

Gipuzkoan bildu du indarra grebak

Zenbakietan diferentziak egon arren, patronala eta sindikatuak bat datoz: alde handiz, Gipuzkoan izan du eraginik handiena deialdiak. Jaurlaritzak %43ko parte hartzea aipatu du; sindikatuek, industrian, %53koa. Goierri inguruan izan da jarraipen handiena.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko maiatzaren 30a
01:02
Entzun

Gainerako herrialdeetan baino babes askoz zabalagoa izan du greba deialdiak Gipuzkoan. Batzuek eta besteek emandako datuetan badira diferentziak, baina guztiak bat datoz alde hori nabarmentzean. Patronalak %30eko parte hartzea aipatu du; %43koa Jaurlaritzak; eta %53koa sindikatuek —industriako datuak soilik aintzat hartuta—. Eskualde guztietan oso bistakoa izan da grebaren eragina, baina Goierri aldeko enpresetan nabarmedu da batez ere. Egia da, hala ere, aurreko deialdi batzuetan itxita egon ziren lantegi batzuk zabalik egon direla gaur.

Industriarekin batera, Gipuzkoako eraikuntzan izandako babesa nabarmendu dute sindikatuek. "Ia erabatekoa izan da greba". Merkataritzan, Mercabugatti saltokia "ia erabat geldituta" egon da, sindikatuen esanetan. 

Alde handiak nabaritu dira eskualde batetik bestera. Goierri aldean bildu du babes handiena deialdiak. Enpresa handiak itxi dituzte eskualde horretan; CAF eta Indar, besteak beste. Tailer txikietan ere nabaritu da lanuztea. Hutsik daude industrialde gehienak. Oria ibarrean behera, Tolosaldean zabala izan da parte hartzea, baina aurreko deialdietan baino eskasagoa. Apatta industrialdeko lantegi gehienak itxita egon dira, baina eskualdean erreferentzia diren enpresa hainbat lanean ari dira; besteak beste, Tolosako Voith eta Villabonako Oria paper enpresa. Eskualdeko herri txikietan gehiago nabari da grebaren eragina: itxita daude udaletxeak eta saltokiak, eta enpresak ere bai.

Donostia aldean, Martutene auzoko 27. poligonoa da termometroa: jarduna moteldu du deialdiak, baina ez du gerarazi. Ibilgailuen sartu-irtena nabaria izan da goizean goiz, jendea lanera joan denean. Piketeak ibili dira goizean, baina aparteko gorabeherarik ez da sortu. Añorgan, Cementos Rezola itxita egon da. Donostiako erdialdean zabalik egon dira denda asko, eta San Martin merkatuan ere bai. Diputazioa geratuta egon da. Hernanin ere geldituta egon da gehiena, baina Andoainen zabalik izan dira dozena bat enpresa. Usurbilen, Urbil saltokian ibili dira piketeak, zabalik eduki baitituzte denda batzuk.

Debarroan ere lantegi txikiak itxi dituzte batez ere. Enpresa handiak normal aritu dira —Arrasateko Fagor etxetresna enpresa, adibidez—, eta Mondragon Unibertsitatea ere zabaldu dute. Kalean izan du eraginik handiena lanuzteak; denda asko zarratuta, eta ohi baino jende gutxiago ikusi da kalean. Urola Kostan, enpresa gehienak itxita egon dira, eta kalean oso nabaria da grebaren eragina. Eskoletan eta dendetan ez dira lanean aritu. Piketeak protestan aritu dira Zarautz inguruan. 

Oiartzualdean ere handia da erantzuna. Sindikatuek nabarmendu dute enpresa handiak eta txikiak itxi dituztela; besteak beste, Niessen lantegia. Pasaia aldean, erdiguneko saltokietan nabarmendu da eragina, eta portuan ere nabari da ez dela ohiko laneguna. Eguraldi txarra dela eta, portuko langileek egitekoa zuten manifestazioa bertan behera utzi dute, eta, horren ordez, autoan egin dute protesta.

Bidasoaldean, Oiartzualdean baino mugatuagoa da greba. Irunen zabalik daude dozenaka saltoki, eta goizean piketeak ibili dira. Tarte horretan itxi dituzte ateak saltoki batzuetan. CAF enpresa ia erabat geldituta dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.