Gipuzkoan gobernu programa aurkezteko eskatu diote Bilduri

EAJ, PSE eta PPren eskariz ezohiko osoko bilkura egingo dute Batzar Nagusietan, hilabeteko epean

Markel Olano eta Eider Mendoza, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiagobernu programa aurkeztera behartu nahi du oposizioak, eta, horretarako, ezohiko osoko bilkuraegitea eskatu du. EAJk, PSEk eta PPk egin dute eskaera Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Taldeok salatu dute foru arau batek programa aurkeztera behartzen duela gobernua, baina urtebete igaro dela Bildu gobernura iritsi zenetik eta ez duela legealdirako egitasmorik aurkeztu.

EAJk proposatu du ezohiko osoko bilkurara deitzea, eta eskaera horrekin bat egin dute, ostean, PSEk eta PPk. Batzar Nagusietako araudiaren arabera, gutxienez oposizioko bi taldek eskatu behar dute bilkura monografikoetara deitzeko; horien gai ordena zehaztea taldeei dagokie, ez Diputazioari. Plenoa hilabeteko epean egin beharko da.

Markel Olano eta Eider Mendoza EAJko batzarkideek agerraldia egin dute ekimen horren berri emateko. «Kezkatuta» azaldu dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren «ekimen faltarekin». Salatu dute hirutan eskatu diotela Martin Garitano ahaldun nagusiari gobernu egitasmoa aurkezteko, baina ez diela «kasurik» egin. Olanok esan du «nazkatuta» daudela Foru Gobernuak herritarrekin eta Batzar Nagusiekin duen «errespetu faltarekin», eta gaineratu du «muturrekoneurriak» hartzera behartuta daudela.

EAJko eledunaren irudiko, Bilduren gobernua «nora ezean» doa, ez baitu plangintzarik: «Garitanok ez du egitasmo propiorik, ezta oposizioak aurkeztutako eta onartutakoak betetzeko asmorik ere». Mendozak gogoratu du diputatu nagusia gobernu programa aurkeztera behartuta dagoela: «Ez da, beraz, oposizioaren apeta, legea betetzea baizik».

«Gobernu ahula da»

PSEk eta PPk ere kritika bera egin diote Garitanoren gobernuari. Rafaela Romero sozialistak ohar batean salatu du Bilduren gobernua «ahula» dela eta erabakiak «bat-batean» hartzen dituela. Foru Gobernuak legealdirako dituen asmoen berri ez izatea «larria» dela salatu du Romerok, areago, haren esanetan, «langabezia igo den honetan eta lurraldean enpresak ixten ari diren honetan». Errepide sarearen kudeaketari eta ekonomia sustapenari buruzko planen berri ez izatea gaitzetsi du, halaber.

PPtik, Juan Carlos Cano eledunak ere gogor jo du Garitanoren kudeaketaren aurka. «Oso kezkatuta gaude, ez duelako inolako informaziorik ematen eta ez duelako proiekturik aurkezten». Martxoan egindako bilkuran programa aurkezteko egindako eskaerari «muzin» egin izana egotzi dio PPkoak Bilduri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.