Yamiled Giraldo zenaren semeak adierazi du hura hil zuenak berari ere tiro egin nahi izan ziola orduan, baina erasotzailearen armak huts egin zuela. 2009ko apirilean hil zuten Giraldo Iturengo bizilaguna, Cordovillan, tiroz. Biktimaren semeak orduan 14 urte zeuzkan.
Fiskalaren arabera, prostituzio eta sexu gehiegikeriako kasu batean lekuko gisa aurkezteagatik hil zuten Giraldo. Haren lekukotzan oinarrituta, Jose L.L. espetxera zigortu zuen epaileak aurreko epaiketa batean, eta Giraldori 19.000 euro ordaintzera ere bai. Fiskalaren arabera, kartzelan zegoela prestatu zuen Giraldo hiltzeko plana Jose L.L.-k, beste batzuek hil zezaten.
Rodrigo S.S. auzipetuak atzo aitortu zuen hiru mila eurogatik hil zuela. Bost gizon daude auzipetuta, eta fiskalak 150 urteko espetxe zigorra eskatu du guztira.
Giraldoren semeak deklaratu du hilketaren egunean amari ileapaindegi batera lagundu ziola, eta ondoren Uharte Arakilera zirela joatekoak pilota partida batera. Cordovillara iritsi zirenean, gizon bat auto batetik irten zen eta tiro egin zion emakumeari, honen semearen kontaketaren arabera. "Hiruzpalau tiro izan ziren. Niri ere apuntatu zidak, baina armak huts egin zion eta autora itzuli zen. Berriro etorri zen, amari tiro egin zion atzera, ni neu ere apuntatu ninduen baina pistolak ez zuen tiro egin".
Emakumearen senarra "errudun" sentitzen da
Giraldoren senarrak ere deklaratu du gaur -zortzi urte zeramatzaten ezkonduta-, eta esan du berak animatu zuela emaztea prostituzio eta sexu gehiegikeria kasuei buruzko salaketa egitera. "Errudun sentitzen naiz horregatik. Giraldok esaten zidan salaketa aurkezteak min handia egingo ziola eta beldurra zeukala".
Atzo hasi zen epaiketa, Iruñean, Nafarroako Auzitegi Nagusian. Bigarren saioa izan da gaurkoa.
emakumeen aurkako indarkeria
Giraldoren semeak dio hiltzaileak berari ere tiro egin nahi izan ziola
Emakumearen hilketari buruzko epaiketako bigarren saioa izan da gaur, Iruñean. Biktimaren senarrak adierazi du berak animatu zuela hura prostituzio eta sexu gehiegikeria kasuak salatzera; "errudun sentitzen naiz horregatik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu