Giraldoren semeak dio hiltzaileak beregana ere zuzendu zuela arma

Andrea Jose Lareo salatzeagatik beldur zela azaldu du Cordovillan hildako emakumearen senarrak

Iruñea
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Yamiled Giraldoren semeak hiltzaileak berari ere tiro egin nahi izan ziola esan zuen atzo Nafarroako Justizia Auzitegian, Cordovillako krimena argitzeko epaiketaren bigarren egunean. Hilketa izan zenean gazteak 14 urte zituen, eta emakumea tirokatu zutenean haren ondoan zegoen. Lapurreta bat zela pentsatu zuen hasieran, eta hiltzailea joan zenean «hil nahi naute» oihukatzen hasi zen. Giraldoren senarrak ere deklaratu zuen atzo; andrea, Jose Lareo salatzera berak «animatu» zuela azaldu zuen, eta orain erabaki horregatik «damututa» dagoela.

2009ko apirilaren 25ean Yamiled Giraldo 14 urteko semearekin Cordovillara joan zen, ustez emakume bati ezkontza baterako estetizista lan bat egin behar ziolako. Lana egin ondoren, semea Uharte Arakilera (Nafarroa) esku-pilota partida batera eraman behar zuen. Cordovillako etxeko atarira iritsi zirenean, eta lana egiteko tresna guztiak jaitsi zituztenean semeak auto bat iritsi zela ikusi zuen. Autotik gizon bat jaitsi zen. «Hasieran festa batetik zetorrela pentsatu nuen, ileorde urdin iluna zeraman eta». Gizona haiengana hurbildu zen, eta Giraldori tiroka hasi zitzaion.

Ondo gogoan du unea semeak.«Lapurreta bat zela pentsatuz, nik amaren poltsa eskaini nion». Hiltzaileak arma mutikoaren aurka zuzendu zuen orduan. Aldiz, armak ez zuen erantzun. «Behin baino gehiagotan klik bat entzun nuen». Ondoren, gizona autora itzuli zen, eta «zer edo zer» hartu ondoren emakumearengana eta gaztearengana hurbildu zen berriro. Oraingoan, «gertuago» jarri zen, eta berriro lurrean zen emakumea tirokatu zuela kontatu zuen semeak. «Niregana zuzendu zuen arma, baina ez zuen katua sakatu».

Hiltzaileek, autoan sartu, eta «ziztu bizian» alde egin zutela oroitzen du semeak. Rodrigo Solaecheak, ustezko hiltzaileak,«isiltzeko» eskatu ziola dio. «Hil nahi naute». Arriskutik kanpo zegoela sentitzean, hitz horiek baino ez zitzaizkion irten mutikoari. Auzokide batek oihuak entzun zituen eta laguntza eman zion. Pertsona horrek atzo epaiketan adierazi zuen hilketaren unean lotan zegoela, eta «zarata batzuekin» esnatu zela. Emakumea lurrean odolez beteta ikusi zuenean tiroak izan zirela jakin zuen, eta Poliziari abisu eman zion.

Hiltzailea Rodrigo Solaechea da; epaiketako lehenengo egunean bertan berak aitortu zuen hilketa. Ukatu egin zuen, ordea, gaztea hiltzen saiatu izana. Solaecheak dio Nira Arandigoienek gidatzen zuen auto batean iritsi zela Cordovillara. Gazteak atzo gidaria ez zuela ikusi esan zuen. Arandigoienek esplikatu zuenez, mutikoa ikusi zutenean «izutu» ziren, eta «umeari» ezer ez gertatzeko eskatu zion Solaecheari. Haiekin batera, beste hiru inputatu daude Yamiled Giraldoren hilketan parte hartzea egotzita. Fiskaltzaren aburuz, Jose Lareok agindu zuen Giraldoren hilketa.

Jose Carlos Etxebestek, Yamiled Giraldoren senarrak, emakumea «beldur» zela azaldu zuen atzo. «Lareo kartzelatik atera zela jakin zuenean, beldurtzen hasi zen». Lareoren aurka salaketa jartzera berak animatu zuela-eta orain «damu» dela esan zuen. «Salaketa ez bagenu jarri, ez litzateke hilda egongo». Giraldoren lagun batek azaldu zuen hark dei mehatxuak jaso zituela, baina ez zekiela norenak ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.