Eguraldiaren antzera, giroa bero egon zen atzo Iruñean. Zer esanik ez Antoniutti parkean, Gure Esku Dago-ren giza katea amaitu zen tokian. Herritarren etorria, gero eta handiagoa. Denak alai, jai giroan. Nafarroako banderak, ikurrinak, senyera-k zeramatzaten hainbatek. Guztion ahotan, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena.
Giza kateari musika jartzen aritu dira Iruña txaranga, San Fermin peñako joaldunak..., eta han ikusi dira guztien gainetik nabarmendu diren giza dorreak ere. Bartzelonatik etorritako Colla de Sant Vicens dels Horts taldekoak parkean ziren 10:00etarako, giza dorrea prestatzeko. 170 laguneko taldeak —140 heldu eta 30 haur—, zuriz eta laranjaz jantzita, behin baino gehiagotan altxatu du giza dorrea. Lehena 12:00etan egin dute. Lehenik, dorrea sostengatzeko 50-60 laguneko talde trinkoa osatu dute; borobil bat osatu dute, giza lerro ezberdinak jarriz; gero, enborra, hiru lagun bata bestearen gainean jarrita; eta atzetik azkar batean igo da, kasko beltza buruan, Neus Muñoz 10 urteko haurra, 28 kilokoa. Eskua altxatu, eta Caralans want to vote leloa idatzia zuen oihala bota du airera. Dorrea bukatua dela adierazteko, eskua altxatu, eta behera. Europako beste zazpi hiriburu eta Kanada eta Txile hautatu ditu Omnium Cultural elkarteak gaur giza dorreak altxatzeko. Catalans want to vote. Human towers for democracy du izena ekimenak, eta helburua da kataluniarrek euren etorkizuna erabaki nahi dutela entzunaraztea. Berlin, Brusela, Geneva, Lisboa, Londres, Paris eta Bartzelona dira beste hiruburuak; Kataluniako hiriburuan lau izango dira. "Horien bitartez, Europan gure ahotsa sentitu nahi dugu, munduari esan kataluniarrok gure etorkizuna demokratikoki erabaki nahi dugula". Guztira, 1.000 casteller baino gehiago mobilizatuko dira gaur Europan eta Ameriketan.
Lehen giza gazteluaren ondotik gehiago ere eraiki dituzte. Bigarrenean, hiru enborreko bat egin dute. Hiru dorretako puntetan hiru haur, bakoitzak bandera bat erakutsiz: ikurrina, Nafarroakoa eta senyera. Bukatzean txaloka hartu dituzte giza katea egiten ari zirenek. "Independentzia, independentzia" oihukatzen dute han eta hemen, eta erabakitzeko eskubidearen alde ere oihu egin dute behin baino gehiagotan.
Oihu eta txalo artean, emozioa eta aldarrikapena eskutik hartuta, Gure Esku Dagoren giza katearen aldekoa etorri da gero, 14:00 aldera. "Gazteenetik zaharrenera, kolore guztietakoak. Elkarlanaren adibide bat da, kohesio sozialaren ikur bat. Kataluniarrak garenaren eta izan nahi dugunaren marrazkia", azpimarratu du Javier Gonzalez taldeko ordezkariak.