Forum Acqua Bene Comune mugimenduko ordezkaria da Tommaso Fattori (Florentzia, Italia, 1971), eta argi azaldu du zergatik dagoen ura pribatizatzearen aurka: «Ez da bidezkoa herritarren %1ek negozioa egitea beste %99en kontura». Donostiako Kristinaenean hitzaldi bat eman zuen igaro den ostegunean.
Zer da Forum Acqua Bene Comune? Nork osatzen duzue?
Ura munduko herritar guztien ondasun bat dela aldarrikatzen duen talde bat da Forum Aqua Bene Comune. Italiako elkarte asko gaude tartean: besteak beste, sindikatuak eta ingurumenaren eta giza eskubideen aldeko taldeak. Oinarrizko giza eskubidea da ura edukitzea. Gure ustez, pertsona bakoitzak bermatuta izan behar ditu egunean 50 litro ur, garbitzeko, janaria prestatzeko... Ura pribatizatu nahi izatea oinarrizko giza eskubide baten aurka egitea da. Pribatizazioak bazterketa esan nahi du, ahalmen ekonomiko txikiena duten herritarrak baztertzea.
Iazko ekainean Italian egindako erreferendumean, ura pribatizatzearen aurka agertu zineten. Urtebete geroago, nola dago kontua?
Iazko erreferendumean bi gauza eskatu genituen: batetik, uraren zerbitzua ez pribatizatzeko, eta, bestetik, bertan behera uztekoenpresa batzuek uraren bidez lortzen zituzten irabaziak. Lehenengo helburua lortu dugu, nolabait; gelditu egin dugu Italiako Gobernuak ura pribatizatzeko zuen asmoa. Baina hori ez da nahikoa; izan ere, ura lehendik pribatizatuta zegoen eskualde batzuetan. Horietan, negozioa egiten jarraitzen dute enpresek. Erreferendumean erabakitakoa ahalik eta beranduena bete nahi dute.
Zein izan da zuen erantzuna?
Kanpaina bat hasi dugu herritarrak bultzatzeko desobedientzia zibila egitera. Guk ez dugu ordainduko urarengatik. Enpresak legez kanpo ari dira irabaziak lortzen, eta ez dira aberastuko gure kontura.
Negozio bide ona bihurtu da ura enpresentzat...
Bai, noski, sekula amaituko ez den negozio bat baita urarena. Krisialdian, sakelako telefonorik gabe bizi gaitezke, autorik gabe ere bai, baina ez urik gabe. Hori ondo dakite multinazionalek. Badakite ura pribatizatzea lortzen badute irabaziak ziurtatuko dituztela betiko. Antolatuta aurre egin behar diogu eraso horri; ez da bidezkoa herritarren %1ek negozioa egitea beste %99en kontura.
Eta gobernuek zergatik pribatizatu nahi dute uraren kudeaketa?
Egoera ekonomiko honetan, larri dabiltza gobernuak. Hori baliatuta, multinazionalek esaten diete gobernuei: «Uraren kudeaketa saltzen badiguzu, diru gehiago izango duzu zor publikoa gutxitzeko». Eta gobernuak joko horretan sartzen dira. Ez dira konturatzen —edo ez dute konturatu nahi— zor pribatua dela, zor publikoa baino gehiago. Enpresei eta bankuei diru publikoa eman zaielako gaude egungo egoeran, ez hezkuntzan edo osasun arloan erabilitako diruarengatik, sinetsarazi nahi diguten bezala.
Nazio Batuen Erakundeak oinarrizko eskubidetzat jotzen du ura guztion esku egotea.
Bai; beste asko bezala, eskubide hori ere onartzen dute paperaren gainean. Zer egiten dute, ordea, eskubidea gauzatzeko? Ia ezer ere ez. Guk herritarren indarrean sinesten dugu. Hori dela eta, Europa osoko sare bat sortu berri dugu, ura guztion ondasuna dela defendatzen duen elkarte bat. Hor, herrialde asko daude ordezkatuta: Alemania, Grezia, Italia, Espainia, Portugal, Belgika...
Zein izango da elkartearen zeregina?
Herritarrak informatzea da elkartearen helburuetako bat. Gehienek ez dakite oinarrizko zerbitzuak enpresen esku uzten ari direla. Horrez gain, sinadurak biltzen ari gara, pribatizazioaren aurka eta giza eskubideen alde. Europako Batasunak aurten jarri du martxan herritarrentzako tresna bat; Europako zazpi herrialdetan milioi bat sinadura lortuz gero, Europako Batzordeak kontuan hartu beharko du herritarrek egindako proposamena.
Herritarrek uraren kudeaketan parte hartzea da zuen proposamena.
Bai, zalantzarik gabe. Ez da nahikoa pribatizatuta dauden zerbitzuak publiko bihurtzea. Erabaki garrantzitsuetan, agintariek gehiago hartu behar dute kontuan herritarren iritzia. Parisen, esate baterako, herritarrek aukeratzen dituzte uraren kudeaketa bideratuko duten arduradunak. Hori da bidea.
Tommaso Fattori. Acqua Bene Comuneko kidea
«Giza eskubide baten aurka egitea da ura pribatizatzea»
Ura pribatizatu, bai edo ez? Iazko ekainean erreferendum bat egin zuten Italian. Herritarren %57k eman zuten botoa; horietatik %96k erantzun argia eman zioten gobernuari: «Ura guztion ondasuna da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu