Giza eskubideen gaineko edukiak izango dira proiektuaren ardatza; horiek bildu, sortu eta hedatzeko lan egingo du zentroak, eta Aieteko Bakearen Etxean egongo da. Dokumentalak, filmak, testuak, antzezlanak eta bestelako lan literarioak batuko dituzte han.
Gaur aurkeztu dute proiektua, Aieteko Bakearen Etxean bertan. "Etorkizuna lantzeko" tresna izango da zentroa, aurkezpenean Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak esan duenez. Aurkezpenean, alboan izan ditu Eneko Goia Donostiako alkatea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Eusko Jaurlaritzaren, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarlanaren bidez sortu da proiektua, "Donostia 2016ren barnean konpartitzen duten lan esparruan".
Zentroa, Gogora institutuaren eta "memoria lantzen duten beste erakunde batzuen osagarri" izango dela diote proiektuaren bultzatzaileek; bizikidetzarako ezinbestekotzat jo dute "giza eskubideak lantzeko baliabideak" sortzea.