EUSKAL presoak

Giza eskubideen bermea bestelako eztabaidekin ez nahasteko eskatu du Herrira mugimenduak

Hamabost preso gaixo berehala askatzea da giza eskubideen arloan egin daitekeen urrats logiko bakarra. Bide horretan, mediku profesionalek egindako informeak kontuan hartzea galdegin die instituzioei, eta kartzela politikan beharrezko aldaketak bultzatzea. Manifestazioa egingo dute martxoaren 31n, Iruñean. 

2012ko martxoaren 22a
16:30
Entzun

Herrira mugimenduak giza eskubideen bermea bestelako eztabaidekin ez nahasteko eskatu du. Gaixotasun larriak dituzten euskal presoak aske uztea eskatzeko, zenbait ekinaldi egin ditu azken asteetan, eta aldarrikatu du preso horiek askatzea "premiazkoa" dela.

Izan ere, Herrira-k azpimarratu du giza eskubideen "urratze larriak" egiten direla gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak kartzeletan edukita. Mugimenduaren esanetan, egoera "justifikaezinak" elikatzen dira indarrean den kartzela politikaren bitartez; esaterako, espetxean edukitzen dituzte minbizia, eskizofrenia edo bihotzeko arazo larriak dituzten presoak. 

Jesus Loza Eusko Jaurlaritzako Elkarbizitzarako eta Memoriarako mandatariaren esanen harira, Herrira-k adierazi du onak direla gaixoak kaleratzeko bidean egin daitezkeen urrats guztiak, baina gogorarazi du hamabost preso gaixo horiek berehala askatzea dela giza eskubideei dagokienez eman daitekeen pauso logiko bakarra.

Bide horretan, mediku profesionalek egindako txostenak kontuan hartzeko eskatu die instituzioei, eta konponbide oso bat sustatzeko erabakiak eta beharrezko aldaketak bultzatzeko. 

Halaber, mobilizazioak sustatzen jarraituko dutela esan du, "gaixorik dauden euskal preso politikoen eskubideak berehala erabat errespetatzea aldarrikatzeko". Martxoaren 31n, Iruñean, manifestazioa izango da; 17:30ean abiatuko da, Golem zinemetatik. 

Gaur bertan elkarretaratzea egin dute Bilbon, Justizia jauregiaren aurrean, Txus Martin gaixotasun larria duen presoa aska dezatela eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.