Tortura

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu du, tortura kasu bat ez ikertzeagatik

Aritz Beristain Ukarri 23.000 euro ordaindu beharko dizkiote, 2002ko irailaren 5ean atxilotu ondoren salatutako tratu txarrak ez ikertzeagatik. Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren hirugarren artikulua urratu duela argudiatu dute.

2011ko martxoaren 8a
17:09
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia kondenatu du, Aritz Beristain Ukar gazteak orain dela bederatzi urte inkomunikatuta zeukatela salatu zituen tratu txarrak ez ikertzeagatik. 23.000 euro ordaindu beharko dizkiote Beristaini. Auzitegiaren arabera, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren hirugarren artikulua urratu du Espainiak; hain zuzen, tortura debekatzen duena, prozedurari dagokionez, "Beristainek salatutako tratu txarren gainean ikerketa sakon eta eraginkorrik ez egiteagatik".

Hala ere, epaiak dio auziaren muinari dagokionez ezin duela jakin gazte hernaniarra torturatu ote zuten, horretarako dituen frogekin zalantza ezin duelako argitu. Giza Eskubideen Europako Auzitegiko hirugarren salak eman du epaia, eta duela sei hilabete Mikel San Argimiroren tortura salaketaren kasuan erabili zituen argudio berberak erabili ditu orain ere. Beristainek salatu zuenez, inkomunikazio aldian buruan kolpeak eman zizkioten, poltsa jarri zioten, umiliatu egin zuten, jazarpen sexuala jasan zuen eta bortxaketa eta heriotza mehatxuak egin zizkioten.

2002ko irailaren 5ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Beristain, eta bost egunez egon zen inkomunikatuta. Tarte horretan auzitegiko medikuak bost aldiz ikusi zuen, eta, txostenean jaso zuenez, lehen aldian aurpegiaren eskuinaldean 1,5 zentimetroko zauria zuen atxilotuak, masailezurrean. Beristainek ez zuen tratu txarra auzitegiko medikuaren aurrean salatu, Guardia Zibilaren beldur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.