Hiriko auzitegi, erakunde eta plazak lotu dituen ekitaldia egin dute gaur arratsaldean Gasteizen. 3.000 lagun elkartu ditura, Elkartasunetik konpromisora. Eman pausoa lelopean, eta eskuz esku osatu dute giza katea. Eusko Legebiltzarra, udaletxea, Justizia Auzitegia, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza eta Foruen plaza lotu dituzte, eta suziriak jaurti dituzte amaieran.
Asteazkenean egin zuen giza katera batzeko azken deia Gasteizko Harresiak. Eli Etxebarria Arabako mugimendu feministako kideak azaldu zuenez, "lehentasunezkoa" izan da antolatzaileentzat gizarte eragileekiko harremana, hain zuzen, "salbuespen politikek" aldarrikapen horien aurka jotzen dutelako: "Protesta molde eta gizarte eraketa oro amaitzea nahi dute".
Talde ugarik adierazi zioten babesa ekimenari; besteak beste, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldeko mugimenduak, Martxoaren 3ko elkarteak, Fracking Ez Arabak, Gasteizko AEK-k, ESK sindikatuak, Indar Baskoniako zaleek eta Bizigarri Zaramagako auzo elkarteak.